2011-12-20

Lehen ordezkapenaren amaiera

Nire lehen ordezkapena amairzear dago, eta orain ordezkapen honen unerik garratzenak dastatzen nabil.

Egun bat besterik ez da geratzen, pasadan hileko errutira berera bueltatzeko. Egia da, alde batetik errutina hori faltan dudala. Zeinu Hizkuntzako klaseko lagunak eta irakaslea, alemanierako ikasketa errutina finkoa eta lanik ez edukitzearen lasaitasuna. Baina aitortu behar dut, bestetik, faltan izango dudala irakastea. Eguneroko isiltasun eskaerak, ikasleen lotsagabekeri eta ausardia inozenteren nahasketa, ikasleen euskaraz hitz egiteko ahalegin korapilotsuak, ariketak prestatzea, ikasleen kexak... beno, azken hori ez daukat oso argi!

Irakasle gisa etorri nintzen Madre de Dios ikastetxera, baina ikasle ere bihurtu nintzen bertan. Egunero ikasleek egoera berri bat aurkeztu didate eta horiei aurre egiten ikasten ibili naiz ordezkapen osoa. Beraz, nolabait irakasle eta ikasle izan nahiz aldi berean. Badakit, gehienentzat behintzat, euskarako ordezko bat besterik izen ez naizela; baina haiek niretzat nire lehen ordezkapena izan dira.

2011-12-15

Sei unibertso, 124 mundu

Azkenean irakasle bihurtu naiz. Badira bi aste ordezkapen bat egiten hasi nintzela Madre de Dios Ikastetxean. B ereduko ikasleei euskara irakasten diet, 1. DBHtik 2. batxilergora arteko sei taldetan nabil.

Egunero zerbait berria ikasten dut bai irakasle bai ikasleengandik. Egunero dago zerbait liluratzen nauena eta nire irakasle izaera sendotzen duena. Badira egun onak, baina badira ere ez hain onak direnak. Hala ere, gogotsu altxatzen naiz egunero.

Banekien pertsona bakoitza mundu desberdin bat izan zitekeela, baina orain, irakasle lanari esker, esan dezaket mundu bat baino gehiago galaxia bat izan daitezkeela ikasleak; eta taldeak, unibertso bat.

Beraz, aurrerantzean, ordezkapenak dihardun bitartean, ene sei unibertso berrietan sorturiko egoerak, kezkak eta galderak plazaratuko ditut zuon erantzunen zai.

2011-11-09

Euskara gorren oztopo?

Orain dela urtebete aurreko blogean idatzi nuen Euskaragabeei buruz. Orduan eta orain harritzen nauen gaia da hau, harritu eta kezkatu ere.

Orduko sarreran batxilergoko ikasleekin gertatzen zenaz berri eman eta hausnartu nuen. Baina gaur, ia urtebete geroago, konturatu naiz euskaragabetasun hori etorkinetatik haratago joan daitekeela.

Badakizuen bezala Zeinu Hizkuntza (ZH) ikasten nabil inolako helburu profesionalik gabe. Atzo gure ZHko irakasleak honako hipotesi eta galdera sakona bota zigun: 

Bihar gure medikuak gor edo itsu geratuko garela esango baligu, zein nahiago genuke? eta zergatik?

Gai honi bueltaka nenbilela iazko Eskola Inklusiboko artikulua gogoratu nuen: "Gortasuna duten ikasleei erantzuna eman eskola inklusiboan". Artukulu honek hezkuntza eta gorren arteko informazioa Interneten bilatzera bultzatu nau. Orduantxe aurkitu dut "Las familias de estudiantes sordos/as denuncian al gobierno vasco" deituriko artikulua.

Bertan irakurritakoak nire harridura areagotu du eta hainbat galdera (erretoriko agian) sorrarazi dizkit:

  • Gortasuna ez da elgerkeriaren sinonimoa, ezta?
  • Ikasle gorrak ZH eta gaztelaniak (azken hau idatziz) osaturiko hezkuntza batean ikasten dute, ezta?
  • Gorrek entzuleok baino oroimen bisual garatuagoa badute, zein da hitz egingo ez duten hizkuntza elebidun bat ikasteko oztopoa?

Ez dakit egia edo gezurra den hizkuntzen ikasketen eta goi-mailako ikasketetan dauden gorren kopuruaren arteko harremana. Baina badakit, bai, oraingoan ere euskara dela kaltetuena ikasle gorren aurretik.

Nire ustez, ikasle gorrak eta gorren komunitatea kaltetzen duen arrazoi nagusia gizartea bera da. Eta hizkuntzen ikaskuntza murrizteak ekar dezakeen gauza bakarra ez jakintasuna eta komunikazio oztopoak dira.

Beraz, zergatik ez gara saiatzen gizartea deituriko oztopoa leuntzen?

2011-11-08

Euskera Eguna Bakion

Datorren larunbatean, azaroaren 12an, Bakiok Euskeraren Eguna ospatuko du. Egun osoa hainbat eta hainbat ekitaldiz horniduta izango da; jaialdi honetako unerik biziena eta herrikoiena Zubiaurreko probalekuan egin ohi den herri bazkaria izango da. Bertara adin guztietako euskaltzaleak batuko dira. Programaturiko ekitaldiak:

11:30 - Umeen herri kirolak, Urkitza Ikastetexeko Guraso Alkartearen eskutik, Sabino Arana pasealekuan.

12:30 - Triki-potea Sabino Arana pasealekuan hasita

15:00 - Herri bazkaria probalekuan

16:30 - Eskolako umeek prestatutako txisteak eta bestelako sorpresak

17:00 - Euskal kantuak, Herriko kultur eta kirol alkarte guztiak Taberna Ibiltariagaz kantari.

23:30 - Akerbeltz musika taldea Bakioko Torrea Gaztetxean.


ZATOZ ITZEL PASETAN!!

2011-11-03

Zubirik gabeko hilabetea

Azkenean amaitu dira zubiak, aldi baterako behintzat.

Urriko lehenengo zubian frantsesei buruz nuen ideia nahiko aldatu du. Dordogna-Perigord-eko departamentutik ibili naiz lagun batzuekin. Benetan leku ederra da Frantziako departamentu hori. Bertan Frantziako herririk ederrenen zerrendatik 9 herri daude, zenbait gaztelu eta paisaia ikaragarriak.


Bigarren zubian, ordea, Bakion geratu naiz koadrilako eguneroko gauzdez gozatzen eta Urriko Azken Astelehenean Gernikara joan ginen. Oso giro ederra zegoen, eta eguraldia paregabea izan zen.

Orain, azaro lasai honetan alemanari bultzada gogor bat eman beharko diot eta zeinu hizkuntzako klaseetan ikasitakoa errepasatu.

2011-10-19

Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna

Gaur Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna da.

Gaur lazo larrosa ikusi genezake kaleko ibiltarien jakeetan. Baina Zeinu Hizkuntzako ikaskide bati esker honako bideo hau ezagutu dut, eta zuekin banatzeko idazten dut sarrera hau.


Guztiz desberdina da, baina mezua aurreko urteetako bera da!!

Animo eta mosu asko Bularreko Minbizidunentzat!!

2011-10-10

Morgen beginne ich Deutschunterricht!!

Urtebeteko geldialdiaren ostean, gaur onartu naute Bilboko Hizkuntza Eskolan alemanierako B1.2. mailan!

Gaur onartu naute eta bihar bertan klasera joan behar dut. Iada ikasturtea hasi da, baina uztaileko ez-onartuen zerrendan nengoenez gaur arte luzatu egin da ezjakintasuna.

Alemaniera ene burmuineko txokoren batean egongo delakoaren esperantza daukat, bestela ulermen eta itxaropen arazoak biderkatuko zaizkit... Badaezpada orain dela bi urteko koadernoari hautsa kenduko diot eta nire buruaren aurkezpen laburra prestatuko dut.

Morgen beginne ich Deutschunterricht!!

2011-10-03

Zeinuen Hizkuntza ikasten

Hasi egin da niretzat 2011-2012 ikasturtea. Gaur bertan Zeinu Hizkuntzako (ZH) ikastaroa hasi da. Euskal Gorraken bidez ikasten hasi naiz ZH Bilbon.

Badakit ez dela batere ohikoa ZH ikastea, baina betidanik egin nahi izan dudan gauza bat da, eta aurten, langabezian nagoela aprobetxatuz, ekin diot zeinatzen ikasteari!



Gaur ikastaroko lehenengo eskola eguna izan da eta gezurra badirudi ere ZHko alfabetoa ia-ia primeran dakit eta nire burua aurkezten ikasi dut ere. Beste edozein hizkuntzatan hau txorakeri bat iruditu daiteke, baina zer gehiago ikasi daiteke irakaslea ZHn bakarrik hitz egiten (edo hobeto esanda dago zeinatzen?) baldin badago? Bai, hala da. Eskoletan ahozko hizkuntzak debekatuta daude, beraz gure komunikazio era bakarra zeinuak eta zeinuen alfabetoan letreiatutako hitzak dira.

Benetan oso gogorra izan arren zenbait momentutan, ilusioz betetzen nau! Benetan komunikazio era honek guztiz liluratuta nauka!

2011-09-19

2011-2012 ikasturtearen hasiera enigmatikoa

Amaitu dira oporrak langabezian egon arren.

Uda nahiko bidaiaria izan ondoren heldu da iraila eta 2011-2012 ikasturtea planeatzeko garaia. Oraindik ez dakit zehatz-mehatz zer egingo dudan...



Gogoratzen ditut Veneziako kanaletako olatutxoak edota Ibizako ilunabarra... uda paregabea izan da bai! orain, ikasturte ona etorriko ote da?

2011-07-26

Euskal Folklorea Italian

Aspaldiko partez, KAIXO!!

Uztail lanpetua eta bidaiaria izan dut aurtengoa. Lantxo batean nabil, eta horrez gain Itxas-Alde Dantza Taldearekin Italiara joan naiz.

Bertan Euskal Folklorea erakusten ibili gara Trevisoko inguruetan; eta gero bi egun turistiko eman ditugu Venezian.


Orain etxean nago, beraz, nire berri maizago edukiko duzue.

2011-06-29

San Juan bezpera eta eguna

Urtero bezala kuadrilan San Juan bezpera ospatzen dugu maiatz-ekainean eskuratzen ditugun egurrezko gauzak errez. Ohitura bihurtu da eta egun honetan kuadrila ia osoa batzen gara. Honako argazki honetan aurtengo sua agertzen da:



San Juan bezperako suan datorren urterako desioak erre eta goiz etxera joan nintzen, San Juan egunerako plan paregabea baitnuen: Aitarekin San Juanera. Inoiz ez naiz joan Donienera San Juan egunean. Bermeotarrez gainezka zegoen, eta eguraldi paregabea egin zuen.

Etxetik, kostaldeko bidetik tipi-tapa heldu ginen Eneperira, eta hango bidezka hartu eta Donienera. Eta gero bide berdina etxera, noski!

Hona hemen Donieneko argazki eder bat San Juan egunean ateratakoa:

2011-06-21

Burgoan

Atzo Burgoara joan ginen aita eta biok. Bakiotik oinez Burgoara. Burgoa 452m-ko altuera dauka, eta Bermeo eta Bakioren arteko mendietako bat da.

San Pelaiotik tipi-tapa Bakio-Bermeo errepide berriaren obretatik zehar joan ginen. Azkenean igo ginen eta Urdaibaiko ikuspegi ederraz gozatu genuen.




Ikusten duzuen argazki honetan ni Burgoako burgoan nago.

2011-06-14

1969 vs. 2009

Argazki hau facebook-ean Masterreko ikaskide batek zintzilikatu du, eta nik hona ekarri dut honako galderarekin: HAU OTE DA GURE ETORKIZUNA?

2011-06-09

Bost egun falta dira

Bost egun falta dira MALaren defentsa egunerako. Bost egun eta oraindik behin-behineko epaimahiak eta datak besterik ez dauzkagu. Bost egun eta oraindik defentsa dexente bat ez dut prestatu. Bost egun barru 12 minututan MAL osoa laburtu eta aurkeztu behar dut. Minutu horien ostean 8 minutu eman beharko ditugu epaimahaiaren galderak erantzuten eta MALa defendatzen.

Bost egun barru 20 minutuko dueloa bizi izan ahalko dut, zeinetan nire MALa defendatu beharko dudan ene ohorea izango balitz bezala.

Gaur, PREZIarekin borrokan jarraituko dut eta defentsan esango dudan guztia behin eta berriz berregingo dut, gustoko zerbait lortu arte!

2011-06-03

MALaren defentsa

Gaur bertan MALa eta zuzendariak emandako onespena MoodleTICs-era. Azkenean MALaren sorketa aroa amaitu da, eta orain aro berri bat dator: defentsa.

Behin-behiniko daten arabera nire MALaren defentsa ekainaren 13an da, 15:00tik aurrera.

Oraindik ez naiz hasi defentsa prestatzen, espero dut astebetean defentsa sendo eta egoki bat prestatzeko gai izatea.

2011-06-01

Pagasarrin 18 urte beranduago

Gaur Pagasarri mendira joan naiz aitarekin. Orain dela 18 urte ez nintzela bertara bueltatzen. Apa! Harrigarria ezta? Badakizue, Mens sana in corpore sano lortzera!

Eguna hodeitsu argitu du, eta zirimiria ere ibili da. Beno! Baina tenperatura aldetik, ezin hobea izan da goiza. Freskoa baina hotzik gabe. Iep! Gainera, eguerdi aldera eguzkia hodeien artetik agertu da eta kolore alaiz bete ditu paisaiak. Beno!

Ez nekien, edo behintzat ez nintzen oroitzen, Pagasarrira igotzeko hiru bide, behintzat, badaudela. Agur! Bidearen gogortasunaren araberakoak alegia. Bide zaharra deiturikoa googrrena omen da, gogorrena eta tontorrerainoko biderik laburrena. Beno! Gero, bada ere, beste bat erdi mailakoa edo, pixkat luzeagoa dena; eta azkenin luzeena eta bigunena. Iep! Hortik joan gara gu, ni normalean ez dudalako kirolik egiten eta nire gorputza gehiegi ez behartzeko. Apa!

Mendigoizale askorekin gurutzatu gara bidean zehar, eta ia denekin agurtu gara. Beno! Ohitura den bezala. Aldatsak gora eta lautadak aurrera, Pagasarriko aterpera heldu gara. Apa! Gu bertan egi¡on garen bitartean, ura edaten eta hankak deskantsatzen, bertan zegoen emakumenzko bakarra izan naiz. Gehienak jubilatuak, baina gizonak; non demontre sartzen dira ba emakumezko jubilatuak? Beno! Aterpetik atera eta gailurrerako metroak ibiltzen hasi gara. Bidean behiak eta txahalak ikusi ditugu. Gure begira egon dira adi-adi behi beltzak lurrean etzanda eta jaten zeuden bitartean.

Azkenean heldu gara gurutzera! Zelakoikuspegia dagoen handik! Bilbo osoa ikus daiteke, eta Abra! eta itsasoa... Benetan politak dira bertatik ikus daiteken panoramika! Argazkiak atera eta etxerako bideari ekin diogu.



Aurretik doaz jubilatu koadrila bat bilbainadak abesten. Agur! hori bai bizimodua! Etxerako bidea erdi-mailako bidetik egin dugu, beste paisaia batzuk ikustearren. Bide hortatik parketxo bat dago, zeinetan gaurkoan umeen ordez zaldiak, behorrak eta potroak zeuden. Zein politak diren danak! Beno! Aldats beherak aldats gorak bezain gogorrak dira, azken hauetan arnas-estulka eta aldats beheretan jausteko beldurrez ibili naiz. Apa! Hala ere, bide osoan zehar ez diogu hitz egiteari hutsi aitak eta biok, arnasa nuenean behintzat noski! Abizenaren eta familiaren jatorria, animalean deskantsatzeko erak, etorkizuneko planak, oporrak... Iep!

Beraz, gaurko goizan tipi-tapa aldats gora eta aldats behera joan da. Osasunari on pixkat eginez. Orain, berriro ere errealitatean, MALaren zenbait zuzenketa egin behar ditut, onespena lortu nahi baldin badut noski! Baina agian lehenengo siestatxo bat egingo dut, indarrak berreskuratzeko.

2011-05-24

Hezkuntza 2.0

MALarekin zer ikusia daukan bideo interesgarri bat topatu dut, Hezkuntza 2.0ari buruz. Hor doakizue:

2011-05-17

Tipi-tapa hondartzan

Egun hauetan MALa idazten egon ostean paseo bat ematen dut hondartzatik, deskonektatzeko edo. Paseoan joaten naiz 7-8ak aldera, jende gutxi baitago hondartzan eta olatuen abarrots lasaigarria entzun daiteke arazorik gabe.

Tipi-tapa noa oinak itsaso hotzean bustiz eta bikote eta surflariekin gurutzatzen. Tipi-tapa MALak sortu dizkidan eguneko buruhausteak atzean utziz hondarreko oinatzetan. Tipi-tapa amets eskura ezinen mundura itsas-haizearen laztanekin...


Argazki ederra ezta? Hau da Bakioko hondartzak duen txoko ederretako bat arratsaldeko 7-8ak aldera.

2011-05-14

Hausnarketara eraman nauen esaldi oso interesgarri bat

MALerako irakurgai baten irakurri nuen pasadan egunean hausnarketara eraman nauen esaldi oso interesgarri bat. Orain ez dakit zein irakurgaietan dagoen, ez dudalako aurkitzen, beraz ezin dizuet esan nork esan zuen; baina gutxi gorabehera horrelako zerbait zen:

Hoy en día estamos en un sistema educativo del siglo XIX, con profesores del siglo XX y alumnos del siglo XXI.

Benetan baieztapen harrigarria da ezta? Ba, segundu batengatik pentsarazten hasi nintzen eta egia dela uste dut. Gaur egungo sistema zaharkitua dago gaur egungo gizartearen beharrizanekiko, eta guri eta oraindik eskoletan irakasten ari diren hainbat irakasle (ez dakit zenbat denbora daramatzatenak jubilatzeko) batzuk behintzat ez dute nahi birziklatu edota uste dute horretarako zaharregiak direla, eta ondorioz haien metodologiak eta eskolak emateko era berdin berdinak dira.

Baina nola liteke horrelako egoera batean bizitzea? Badirudi, masterrean entzundakoa kontuan izanik, etorkizuneko irakasleon esku dagoela, edo gure bete beharra izango dela, XIXtik XXIra salto egitea. Baina zergaitik? Ez al da irakaskuntzan parte hartzen eta hartuko dugun guztion zeregina?

MALeko liburuak

Eguena! eta irakurgai guztiak ez ditut oraindik amaitu... Eguraldi txarra hasi denez nire hondartzako irakurketak zapuztu dira! Hala ere hobeto! gaur Bilbora joan behar dudalako estudio batean parte hartzera eta bihar Donostira joan behar dudalako nire MALeko zuzendariari honako liburu hauek bueltatzera.


Irakurgai guztiak irakurri ez arren, hasi naiz zerbait idazten. Ez da asko, baina bada zerbait, ezta?

2011-05-10

Bakioko hondartzan

Eguraldi paregabea egun hauetakoa ezta? Ba nik hau aprobetxatzen nabil MALaren irakurgaiak egoera lasai eta bero batean irakurtzeko: Bakioko hondartzan!


Hau izan da goizeko paisaia. Itsasoaren soinua erlajantea izateaz gain kontzentratzeko paregabea da! Arratsaldean jende gehiago ibili da hondartzatik, beraz zarata areagotu egin da eta surflari asko egon dira olatuak laztantzen.

Ea biharko eguna nolakoa den, hondartza edo etxeko sofan ibiliko naiz irakurtzen?

2011-05-09

Hausnarketan

Aurreko batean esan nizuen bezalaxe nire MALa euskara eta euskal literaturako ikasgaia eta blogak lotzen ditu. MAL txukun bat egin ahal izateko Web 2.0 eta blogei buruzko zenbait irakurgai irakurtzen nabil. Irakurgai asko karrerako zenbait ikasgaietan landutakoa gogoan ekarri dit, egia esan, ikasgai horiek izan ziren blog munduan barneratu nindutenak.

Aipaturiko irakurgaietan honako hitz hauek irakurri ditut: "los blogeros en Internet son al mismo tiempo lectores y autores, consumidores de información y creadores de contenidos" (Barba, C; Capella, S (2010): Ordenadores en las aulas: La clave es la metodología, Educación 2.0, GRAÓ, Barcelona (25. or.)) Hori irakurtzean blog honen bizitasuna eta blogeekiko dudan jarrerari buruzko hausnarketa bati ekin diot.

Badirudi, blogaren barneko estadistikari kasu eginez, zenbait irakurle ditudala; baina zergatik ez dute parte hartzen nik idatzitako sarrerei erantzuten?

2011-05-03

Batua vs. Euskalkiak irakaskuntzan: nire iritzia

Aurreko batean esan nizuen bezala Julian Maiaren Euskara Batuaren eta euskakiaren arteko harremanen bilakaera irakaskuntzaren ikuspuntutik artikulua irakurri dut. Irakurketa hau ikasgai baterako egin behar izan dudan erreseina bat egiteko izan da. Erreseina honetan nire iritzi pertsonala idatzi behar izan dut. Egia esan ez dakit bat etorriko zareten, baina hala ere hemen eskegiko dut zuen kritiketara zabalduz!

Oso artikulu interesgarria iruditu zait euskara batuaren ibilbidea erakutsi eta irakaskuntzan izan duen eragina aztertzen duelako. Nire ustez, euskalkiak mantendu egin behar dira eta eskoletako solasaldietan erabiltzeaz gain, zenbait saio idazkerari ere eskaini behar da; horrela euskalkidun ikasleek euskalkian ere egoki idazten jakingo dute. Euskalki gabeko lurraldeetan euskara batuaren erabilera egokia bermatzearekin nahiko da, behintzat horrela ikasle guztiek euskara egokian idazteko aukera izango dutelako.
Hala ere, alde batera utzi behar dugu euskara batuaren zorroztasuna eta euskalkiak hobetsi, hori baita, nire ustez, euskara ez galtzeko eta aberasteko bide bakarra; eta eskolek eragin handia izan dute lan honetan, hauen bidez arauak eta zigorrak heltzen dira ikasleengana.

2011-05-02

MALa: Euskara eta euskal literatura blog batean lantzen

Honako hau da nire Master Amaierako Lanaren (MAL) gaiaren laburpena:
"IKTek funtsezko tokia hartu dute gizarte-jardueran eta hezkuntzaren praktikan. Bestalde, IKTen erabilera sozialaren ondorioz, komunikatzeko, hizkuntza baliatzeko eta literatura egiteko modu berriak ere garatzen ari dira azken urteotan. Hortik ondorioztatzen da interesgarria izan daitekeela hizkuntzaren eta literaturaren curriculumean gaitasun digitalak integratzea, bai teknologiek ikaskuntza-prozesuari laguntzeko eskaintzen dituzten aukerak baliatzeko, eta bai ingurune digitaletan komunikatzen eta hizkuntza eraginkortasunez erabiltzen trebatzeko ere.
Ildo horretatik, lan honetan bloga ardatz hartuko duen proposamen didaktiko bat garatu nahi da, Hizkuntza eta Literatura irakasgaiko atal batzuk lantzeko (poesia soziala, lexikoa…), baina, batez ere, ikasleei testuen eta testugintzaren gaineko kontzientzia bete eta kritikoa garatzen laguntzeko. Helburu horrekin, jarduera mota asko erabil litezke. Lan honetan azken urteotan han eta hemen blogen inguruan egindako esperientziak gainbegiratuko ditugu, eta horietan oinarrituta, euskara eta euskal literatura Batxilergoko 1. Mailan eta D ereduan lantzeko hainbat jarduera eta sekuentzia proposatuko ditugu, betiere, bloga ikaskuntza-esperientziak gizarteratzeko eta gelatik kanpoko errealitatearekin lotzeko ahaleginean."
Zer deritxozue?

2011-04-26

Kirol munduan barneratuz

Gaurkoan berben mundua alde batera utziko dut eta kirol munduan barneratuko naz. Badakit harriagarri xamarra dela, berben munduko neska baitnaiz. Baina, esan bezala gaur arratsaldean "kit-kat" bat egingo dut.

Gaur, herriko bi kuadrilen arteko futbol partida egingo dugu. Danok lagunak izan arren, 17:30tan etsaiak eta aurkakoak izango gara. Eta partida ostean pote batzuk edota merendola goxo bat egingo dugu berriro lagun bihurtuz.


Beno, muskuloak berotzen eta arropa egokiak janzten hasiko naiz. Hurrengoan kontatuko dizuet zer gertatu den eta nortzuk irabazi "dugu".

2011-04-21

Praktiketako memoria amaituta!!

Aste Santuko oporrei hasiera bikaina emateko praktiketa memoria gainetik kendu dut. Imagina ezina zirudien, baina azkenean heldu da eguna.

Atzo igo nuen Moodletics-era. Ez dakit ondo ala txarto igo nuen, baina nire mentoreak badauka kopia bat badazpada.

Gaur, Master Amaierako Lanarekin (MAL) hasi naiz. Beste amesgaiztotxo bat. Hau ere IKTen ingurukoa da, blogen ingurukoa hain zuzen ere. Aurrerago MALari buruz berri ematen saiatuko naiz, orain hondartzara edo futbol partidu bat prestatzera noa! Batek daki! Orain "oporretan" baitnago...

Ondo izan!!

2011-04-19

Berbak

Una palabra es suficiente para hacer o deshacer la fortuna de un hombre
Sofocles

2011-04-18

Ikasleen copy-paste-a

Ikasleen azken teoria sarrerak zuzentzen nabil. Hauek zuzendu eta gero haien notak jarrita egongo dira! Baina, nire zuzenketak harriduraz eta frustrazioz bete dute ikasle batzuen copy-paste-ak. Ez dute informazioa birmoladatu, berdin berdin kopuatu dute!!

Gogoan ditut nire ikasle garaiak, eta guk ere copy-paste-a erabiltzen genuen; ados! Baina, disimulatzen saiatzen ginen, hitzen ordena aldatuz edota iturri desberdinak nahastuz paragrafo berean.

Baina gaur egungo ikasleek ez dute horren besterako denbora edo gogorik edo lotsarik!! Beraz, copi-paste-dun teoria sarrerak ez ditut kalifikatuko eta "zigorra" haien benetako euskarako irakaslearen esku utziko dut. Edota beste ideiarik daukazue?

2011-04-13

Memoriaren azken ukituak egiteko prest!

Azkenean, praktiketako memoria (amaitezina) amaitu dut. Idatzi behar nuena idatzi dut, esan behar nuena hamaika bider errepikatu dut. Baina azkenean amaitu dudala uste dut.

Bakar-bakarrik azken ukitu batzuk falta zaizkit:
  1. Hizkuntza formala eta egokian idatzia izatea. Egia esan, ez dakit nola birmolda dezakeedan hori. Saitu egiten naiz hizkuntza egoki baten idazten, baina uste dut  nire idazteko era naturalak saiakera horiek ezabatzen dituela.
  2. Eranskinak. Bai, memoriaren erdia eranskinak dira, eta hauek word-era pasatu, atondu eta txukundu behar ditut memorian erantsi baino lehen.
  3. Itxura. EHUtik memoriaren itxura zehaztua dago. Azala, aurkibidea, letra tipo eta tamaina, orrialdeen zenbaketa, marginak,... dena! Beraz, guzti horrek ere bere garrantzia duenez denbora eman beharko diot.
Baina, hala ere, nola edo hala, memoriaren pisurik handiena gainetik kendu dudala sentitzen dut. Azken ukituak memoria bezain astunak izan arren.

2011-04-11

Musika lexikoa ikasteko

Zenbatetan erabili ditugu abestiak hizkuntzak ikasteko? lexikoa zein ahoskera! Egia da, askotan "kiwi-melon" fenomenoak gure ikasketa fonikoa guztiz kakazten zuela. Baina hala ere noizbehinka zer edo zer ikasten genuen.

Pasadan astean, lagun dudan filologo espaniar batekin egon nintzen hizketan nola zenbait abeslarik ez ohikoak diren hitzak haien abestietan sartzen zituzten, eta ondorioz, guk, abeslari ez profesionalok ikasten genituen. Adibide gisa Alaskaren abestiak.

Gutariko nork ez du "¿a quien le importa?" edo "bailando" edo "ni tu ni nadie" abestu? Ba harrigarria izan arren, abesti horiei esker gutariko askok "me consta" edo "atormentarse" bezalakoak ikasi, eta abestu, ditugu. Ala ez?

Beraz, behintzat espainiera ikasteko Alaskaren abestiak ez daude batere txarto!

2011-04-04

Batua ala euskalkia?

Irakaskuntzan zein hobestu behar dugu, batua ala euskalkia?

eta zergatik?

Bata hobestean, bestea ez al da kaltetzen?

Galdera interesgarriak daude gaur nire buruan, eta erantzunen bat lortu ahal izateko Julian Maiaren Euskara Batuaren eta euskakiaren arteko harremanen bilakaera irakaskuntzaren ikuspuntutik artikuloa irakurriko dut.

2011-03-25

Ebaluaketa eta prosa bideratuan murgiltzera!

Heldu da praktiketako memoria amaitzen saiatu eta ikasleen lanak ebaluatzeko garaia. Praktikak amaitu zitzaizkidan joan den astean eta III. moduloan astebete daramat.

Alde batetik, ikasleen lan guztiak objektiboki zuzendu eta ebaluatu behar ditut, haien 3. ebaluaketako puntu bat joakoan dagoelako. Guztiek ez dute berdin parte hartu, batzuk parte hartu ere ez dute egin eta! Batzuek lan txukunak idatzi eta sortu dituzte, beste batzuek ez hainbeste (nahi ez zutelako gehien bat). Esperientzi polita izan da, zenbaitetan gogorra; baina orokorrean ona! Orain, irakasle izatearen alderik itsusienean sartzeko garaia heldu zait: zuzenketak eta ebaluaketak.

Bestetik, praktiketan egindako guztia 15-40 orrialdetan batu behar dut. Baina zelako 15-40 orrialde! Dena gomendatutako luzerarekin eta ordenarekin zehaztua dago. Idatzi eta idatzi nabil, baina gaur amaitzen baldin badut nire praktiketako tutoreari igorri behar diot pixkat "zuzendu" dezan.

Beraz, banoa berriro ebaluaketa eta prosa bideratuan murgiltzera!

2011-03-21

Poesiaren Nazioarteko Eguna eta III. moduloko lehen eguna

Gaur egun borobila eduki dugu.

Gaur Poesiaren Nazioarteko Eguna izan delako, eta oraindik delako noski, Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik poesia liburua atera dut apaletik. Hartzerakoan Berlineko paper batzuk erori zaizkit lurrera. Hamaika oroitzapen etorri zaizkit burura uztail alemaniar hartaz! Hilabete bat bakarrik eman nuen Berlinen eta poesia liburu hori eraman nuen etxetik hurbilago sentiarazteko.

Oroitzapenez gain, gaur masterreko III. moduloko, edo II. espezialitate moduloko, lehenengo eguna izan da. Gasteizera joan gara berriro arratsalde osoa. Irakasle berriak eta irakasgai berriak dauzkagu. Gaurko aurkezpenak kontuan izanik, nahiko edo oso interesgarriak iruditu zaizkit irakasgaiak. Bata Euskararen Tipologiaren Eremua; eta bestea, Variaciones Lingüísticas y Variantes de la Lengua.
Si no te ha sorprendido nada extraño durante el día, es que no ha habido día.
John Archibald

2011-03-17

Abesteko beste era bat

Gaur bertan ikusi dut Zea Mays-en bideoklip berria eta harritu baino gehiago egin dit. Musika, abestiak eta kantuak hitz idatzi eta ahoskatuekin lotzen ditugu, baina Negua joan da ta abestiaren bideoklip-ean pauso bat urrunago doaz: Zeinuen hizkuntzaren bidez transmititzen dutelako, musikaz eta hitz abestuez gain, mezua.


XXI. mende honetara musika eta abestiak moldatu behar direlaren seinale gisa har dezakegu. Eta gure buruari galdera bat egin: Zergaitik ez zeinuen hizkuntza ikasi honetan gure sentipenak adierazteko?

2011-03-16

Amaitu dira praktikak

Gaur izan nire praktiketako azken eguna, atzo azken saioak eman nituen arren. Azkar pasa dira lau asteak, beno nire kasuan hiru asteak, aste zuriaz gozatu ahal izan dudalako.

Sekuentzia didaktikoa moldatu zentruko errealitatera, saioak prestatu, saioetan suertatzen ziren egoerak kontrolatzeko momentuan bertan prestatutakoa birmoldatu, 60 bat neraberen aurrean proiektua aurkeztu eta landu, orduak eta orduak irakaslen gelan eman,... 13 egun eman ditut errealitateaz ikasten.

Merezi izan du ikasle-irakasle bihurtzea ikasitako zentruan. Gauza asko beste prespektiba batetik antzeman ditut eta.

Baina iada praktikak amaitu dira, eta orain berriro ikasle izatera pasa behar naiz, masterreko ikasle. Datorren astean Gasteizko errutinara bueltatuko gara lau astez astelehenetik ostegunera hara joanez. Eta bitartean, praktiketako memoria amaitu eta MAL-a hasi eta amaitu behar dugu!

Ikasle izatearen madarikazioan murgiltzeko ateetan gaude!!

2011-03-15

Praktiken amaiera hurbileko galderak

Hau da praktikaldiko laugarren astea, beno batzuontzat hirugarrena da aste zuriaz gozatu baitugu. Aste hauetan gutariko askok gure bizitzako ganorazko lehenengo klaseak prestatu eta eman ditugu. Pertsonalki, ez da batere erraza izan, dirudiena baino zailagoa baita nerabeen burmuinetera heltzea.

Bihar nire azken bi praktika-eskolak izango ditut. Ez dakit nahi nuena lortu dudan, ezta hurbildu naizen ere; baina esperientzia honek merezi izan du! Gutxi gora-behera 60 bat ikasle izan ditut, eta guzti-guztiak oso desberdinak. Batzuetan momentu dibertigarriak sortzen ziren, baina beste batzuetan ahaztua nuen nerabeen izaera krudela loratzen zen eta etsipenera gehiegi hurbiltzen nintzen.

Hala ere, orain arte haiekin igarotako momentu guztiek zerbait erakutsi didate, eta irakasle izatearen errealitate krudela agertu didate. Galdera sakon batzuk sortaraziz: Irakasle izateko balio dut? Lor dezaket nere nerabeek zerbait ikastea era desberdin batean? Gaur egungo hezkuntza sisteman lekurik ba al dago niretzat? ...

2011-03-04

Ekintza interesgarriak

Gaurkoan institututik idazten dut. Gaur aste zuriaren aurretiko azken eguna dugu eta IES Botikazar BHIn gauza harrigarriak gertatzen ari dira.

Alde batetik, ekomomiako ikasle eta irakasleek bidezko merkataritza bultzatzeko merkatutxo bat jarri dute institutuko sarreran. Merkatutxoan janariaz gain, belarritakoak, boltsoak, etabar daude. Goiz osoan zehar bertan egon arren, uste dut hamaiketakoaren orduko gose kilimak baretzeko orduan lan gehigi izan dutela. Nik gaur nire garautxoa jarri dut eta gaileta goxo-goxo batzuk erosi ditut.

Bestetik, aratusteak direla eta, orain dela 5 edo 6 urte bezala, latineko irakaslea eta, aurten, zenbait ikasle ere erromatarrez jantzi dira. Pasiloetatik ibili eta sarreran egon dira mezu handiekin eta mezudun goxokiak jaurtikitzen.

Horrelako ekintzek edukiak irakasteaz gain, egoeretaz jabetzeko bide egokiak dira. Ekonomian bidezko merkataritzaz eta latinean, nola edo hala, erromatarren munduaz jabetzeko.

Etorkizuneko irakasleoi animatzen zaituztet horrelako ekintzak egitera!!

2011-02-28

txikerra?

Asteburua iada pasa da eta gaur astelehena berriro institutura. Astelehen lasaia izan arren, bertako praktikariak ondorio batera heldu gara: praktikaldi honetan zenbait kilo lodituko garela! Hau psikologiako klaseetan ez digute inoiz esan, baina errelitate gogor baten aurrean gaude eta onartu behar dugu.

Benetan harrigarria da irakasleen arteko harreman ona, beti edo ia beti norbaitek dakar zerbait jateko. Eta ez baldin badute ekartzen agian Indiako neskato batzuentzat bizikleta batzuk erosteko janari merkatua dagoelako izango da. Baina gauza bat argi dago: irakasleek haien ogibidearen egoera latzei, egunerokoei behintzat, sapore pixka batekin aurre egiten dietela.

Hala ere, gaur egun euritsu honetan ikasle batek humore puntua jarri dio. Irakasle gelan nengoela, cupcakes eta paperen artean, bi ikasle etorri dira nitaz galdezka. Nire izenaz galdetu beharrean, zera galdetu diote irakasle bati: txikerra? Galdetu duen ikaslea pasadan astean andereño deitu zidan berbera da. Egoera benetan barregarria izan da, pixkat surrealista!

2011-02-23

Bloga!

Praktikaldi honetan sekuentzia didaktiko bat praktikan jartzen ari naiz, esan nizuen bezala. Sekuentzia didaktiko horretan ikasleekin blog bat sortu dut, Euskara eta Euskal Literatura. Bertan ikasleek haien hausnarketak eta eginbeharrak idatziko dituzte.

Ikasleak pixkanaka-pixkanaka badoaz partaide bihurtzen eta blogean idazten. Horrek asko pozten nau, baina ez dakit blogak ikasleak motibatzen dituen...

2011-02-22

Gaur andereño deitu naute

Gaur izan da nire irakasle debut-a! Harrigarria izan arren, iada heldu egin da ordua. Gaur bi talderekin izan dut debut-a, gauza bera azaldu diet baina bi talde desberdin dira.

Orain dela 6 edo 7 urte ni nitzen mahai txiki horietan eserita zegoena, orain ordea, mahai handiaren jabe naiz, astean birritan behintzat. Gauzak asko aldatzen dira, segun eta ze mahaitan zauden eserita, uste baino gehiago aldatzen dira.

Gaur ahots tonua igo behar izan dut zurrumurruei aurre egiteko, gaur 60 bat ikasleeren arreta neureganatu behar izan dut, gaur andereño deitu naute.

Harrigarriena zera da, oraindik ez naizela andereño eta ikasle izan arren ez naizela ikasle.

2011-02-21

Lehenengo eguna

Berriro ere institutura, baina oraingoan praktiketan. Praktiketan abenduan ere ibili nintzen, baina behartze praktikak izan ziren haiek. Oraingoan eskuartze praktikak dira, alegia eskolak emateko garaia.

Gaur nire tutorearekin azken puntuak zehaztu ditut:
  • Eskolak emango ditut bi taldeetan, guztira 6 saio.
  • Espezialitate moduluko sekuentzia didaktiko bat martxan jarriko dut: Gabriel Aresti poemak literatur lantegian
  • Saio guztiak asteartetan izango dira, arazoren bat ez baldin badago.
Beraz, bihar asteartea denez bihar izango da nire irakasle lehen eguna! Orain biharko bi eskolak prestatzen hasi behar naiz...oso urduri nago...

2011-02-20

Bihar praktikak hasten dira

Azterketak amaitu eta gero, praktikak datoz. Bihar, astelehena, IES Botikazar BHIn eskuartze praktikak hasiko ditut.

Nire institutuko tutorearekin hitz egin nuen eta espezialitateko bigarren modulu honetan egin ditudan sekuentzia didaktikoak praktikan jartzeko aukera eman dit. Hala ere, sekuentzia didaktiko hauek, ziurrenik, birmoldatu beharko ditudala daukadan denbora eta eskuragarri ditudan baliabideetara.

Ilusioz beterik nagoen arren, berdur naiz irakasle ona ez izateaz.

2011-02-18

Euskal literatura lantzeko interneteko baliabideak (Gordailuak)

Euskal literaturari eskeinitako zenbait toki daude interneteko hodei zabalean. Toki hauek hiru multzotan sailkatu daitezke:
  1. Gordailuak
  2. Web-orriak
  3. Blogosferak
Gaurkoan Euskal literaturaren gordailuen barrena murgilduko naiz. Gordailu guztiak Armiarma literatura sarean aurkituko ditugu. Bertan gordailu desberdinak daude:
Gaurkoz, informazio nahikoa jarri dut. Guzti hau sekuenztia didaktiko egokietan txertatuz gero, ariketa oso eraginkorrak lortu daitezke. Gainera, oso garrantzitsua da ikasleei gordailu guzti hauek aurkeztea, haien haien kabuz  literaturaren txokoak ezagutzeko.

2011-02-16

Pitxiekin lanean

Literatura ez da orrialde zahar batzuetan idatzitako berba ederrak. Literatura gaur egun multimediek eskeintzen dizkiguten baliabideetan ere egon daiteke, eta haiekin hau landu genezake.

Sautrela saioan egiten duten bezala ikasgeletan ikasleekin poesia pitxien bidez landu daiteke. Pitxiak bideo-literaturak dira, alegia, poemen hitzekin bideo bat sortzea.

Hau, ikasleekin landu daiteke ordenagailuekin zerikusia duten gaitasunak eta literatura gaitasun eta edukiak landuz. Pitxiak egiten poema ulertu eta interpretatu dezakete, haien sorkuntza landuz.

Hauek dira Sautrela saioko pitxi batzuk:




2011-02-15

Por cuatro esquinitas de nada

Hona hemen aurreko moduloan ikusitako bideotxo hunkigarria eta pentsarazten duena:


Ondo etorriak!

Kaixo!

Irakasle izateko masterreko hizkuntza eta literatura espezialitatea nabil egiten. Euskal filologia ikasi nuenez Euskara eta Literaturako ikasgaiko irakasle izan nahiko nuke.

Orain EHUko masterrean nabilenez Bilboko Botikazar BHIn nabil praktikak egiten.

Blog honen bidez nire esperientzia eta hitzekin zer ikusia duten gauza guztiak aurkeztuko dizkizuet, hizkuntzatik literaturara.

Ondo etorriak berba ederrak blogera!