Mostrando entradas con la etiqueta Praktikak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Praktikak. Mostrar todas las entradas

2013-02-20

IKTak ikasgelan ibili izan diren kasua azaldu

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako irakasleen prestakuntza unibertsitate masterra orain dela urte bi egin nuen. Orduan sekuentzia didaktiko (SD) bat prestatu behar izan nuen eta geroago praktika presentzialetan martxan jartzeko aukera ere.

Praktikaldia Botikazar BHIn egin nuen. Bilboko Deustuko barrutian dago Botikazar BHI: Ibaizabal ibaiaren ertz batean, Deustuko Unibertsitatearen ondoan. Ikastetxe publiko honetan batxilergoa eskaintzen da hiru eredutan: A, B eta H (hirueleduna). Hiru aukeren artean, D eredua da ikasle gehien dituena. Hala ere, eredu hirueledunak gero eta ikasle gehiago ditu. Batxilergoaz gain Lanbide Heziketako bi ziklo ere eskaintzen dira: Zeinuen Hizkuntzaren Interpretazioa eta Gizarte Integrazioa.

Ikastetxeko ikasgela guztietan arbela arruntak, bozgorailu orokorrak eta pantaila zuriak daude. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka badoaz ikasgela guztietan kainoi finkoak eta hauek erabiltzeko bozgorailuak instalatzen. Informatika-gelan, bestalde, ordenagailu arruntak eta arbela digitalak daude. Natur zientzietako laborategian beste 12 ordenagailu daude. Horrez gain, WIFIa dago ikastetxe osoan instalatuta.

Aipatutako SD horri "Gabriel Arestiren poesia literatur lantegian" izena eman nion. Bertan Gabriel Arestiren poesia beste era desberdin batean lantzea proposatzen nuen, IKTak eta multimedia baliabideak ikasleen ikuspegiarekin uztartuz hain zuzen ere.

Horretarako Gabriel Arestiren poema batzuk hautatu, hauek SDan zehar lantzeko, eta eginbeharrak zehaztu nituen. SDak ez zituen IKTak bakarrik lantzen, horrez gain ikasleen hausnarketa eta kritika gaitasuna eta Gabriel Arestiren testuingurua ere ikasten zen. SDa hiru saiotan banatu nuen, astean behin lantzeko asmoz eta ikasleek eginbeharrak egiteko denbora izan zezaten.

Bloga, SD honen gaiaren inguruko material, iritzi eta abarren elkargune eta erreferentzi gune bilakatu nahi izan nuen. Bertan ikasleen lanez gain, literatur gune bat eta hiztegi eta entziklopedien zerrenda guneak txertatuz. Horrela, ikasleen lana edozein zelarik, bertan aurkitu zezaketen lagungarria izan zitekeen materiala edota beste web orrialdeetarako loturak. Jarduera nagusiak, Gabriel Arestiren poesia eta testuingurua ikasteaz gain, poemei buruzko bakarkako hausnarketak, taldekako bideopoemak eta sarrera teorikoak izan ziren. Jarduera guztiak blogean argitaratzea derrigorrezkoa zen, bideopoemak barne.

Blogak IKTen erabilera sustatzeko lana betetzen zuen arren, bideopoemen sorketak gaitasun digitala multimediaren alderditik indartzen zuen. Ikasleek Windows Movie Maker programaren bitartez sortu zituzten bideopoemak, astebeteko epearekin.

Ebaluazioari dagokionez, ikasleek sortutako lan guztia ebaluatu zen. Horretarako, eta ikasleek argi eduki zezaten, ebaluazio taula sortu eta blogean zintzilikatu nuen. Ebaluazio taula honetan kontuan hartuko ziren atal eta azpiatalekin batera hauek izango zuten balioa adierazi nuen.

2011-04-18

Ikasleen copy-paste-a

Ikasleen azken teoria sarrerak zuzentzen nabil. Hauek zuzendu eta gero haien notak jarrita egongo dira! Baina, nire zuzenketak harriduraz eta frustrazioz bete dute ikasle batzuen copy-paste-ak. Ez dute informazioa birmoladatu, berdin berdin kopuatu dute!!

Gogoan ditut nire ikasle garaiak, eta guk ere copy-paste-a erabiltzen genuen; ados! Baina, disimulatzen saiatzen ginen, hitzen ordena aldatuz edota iturri desberdinak nahastuz paragrafo berean.

Baina gaur egungo ikasleek ez dute horren besterako denbora edo gogorik edo lotsarik!! Beraz, copi-paste-dun teoria sarrerak ez ditut kalifikatuko eta "zigorra" haien benetako euskarako irakaslearen esku utziko dut. Edota beste ideiarik daukazue?

2011-03-25

Ebaluaketa eta prosa bideratuan murgiltzera!

Heldu da praktiketako memoria amaitzen saiatu eta ikasleen lanak ebaluatzeko garaia. Praktikak amaitu zitzaizkidan joan den astean eta III. moduloan astebete daramat.

Alde batetik, ikasleen lan guztiak objektiboki zuzendu eta ebaluatu behar ditut, haien 3. ebaluaketako puntu bat joakoan dagoelako. Guztiek ez dute berdin parte hartu, batzuk parte hartu ere ez dute egin eta! Batzuek lan txukunak idatzi eta sortu dituzte, beste batzuek ez hainbeste (nahi ez zutelako gehien bat). Esperientzi polita izan da, zenbaitetan gogorra; baina orokorrean ona! Orain, irakasle izatearen alderik itsusienean sartzeko garaia heldu zait: zuzenketak eta ebaluaketak.

Bestetik, praktiketan egindako guztia 15-40 orrialdetan batu behar dut. Baina zelako 15-40 orrialde! Dena gomendatutako luzerarekin eta ordenarekin zehaztua dago. Idatzi eta idatzi nabil, baina gaur amaitzen baldin badut nire praktiketako tutoreari igorri behar diot pixkat "zuzendu" dezan.

Beraz, banoa berriro ebaluaketa eta prosa bideratuan murgiltzera!

2011-03-16

Amaitu dira praktikak

Gaur izan nire praktiketako azken eguna, atzo azken saioak eman nituen arren. Azkar pasa dira lau asteak, beno nire kasuan hiru asteak, aste zuriaz gozatu ahal izan dudalako.

Sekuentzia didaktikoa moldatu zentruko errealitatera, saioak prestatu, saioetan suertatzen ziren egoerak kontrolatzeko momentuan bertan prestatutakoa birmoldatu, 60 bat neraberen aurrean proiektua aurkeztu eta landu, orduak eta orduak irakaslen gelan eman,... 13 egun eman ditut errealitateaz ikasten.

Merezi izan du ikasle-irakasle bihurtzea ikasitako zentruan. Gauza asko beste prespektiba batetik antzeman ditut eta.

Baina iada praktikak amaitu dira, eta orain berriro ikasle izatera pasa behar naiz, masterreko ikasle. Datorren astean Gasteizko errutinara bueltatuko gara lau astez astelehenetik ostegunera hara joanez. Eta bitartean, praktiketako memoria amaitu eta MAL-a hasi eta amaitu behar dugu!

Ikasle izatearen madarikazioan murgiltzeko ateetan gaude!!

2011-03-15

Praktiken amaiera hurbileko galderak

Hau da praktikaldiko laugarren astea, beno batzuontzat hirugarrena da aste zuriaz gozatu baitugu. Aste hauetan gutariko askok gure bizitzako ganorazko lehenengo klaseak prestatu eta eman ditugu. Pertsonalki, ez da batere erraza izan, dirudiena baino zailagoa baita nerabeen burmuinetera heltzea.

Bihar nire azken bi praktika-eskolak izango ditut. Ez dakit nahi nuena lortu dudan, ezta hurbildu naizen ere; baina esperientzia honek merezi izan du! Gutxi gora-behera 60 bat ikasle izan ditut, eta guzti-guztiak oso desberdinak. Batzuetan momentu dibertigarriak sortzen ziren, baina beste batzuetan ahaztua nuen nerabeen izaera krudela loratzen zen eta etsipenera gehiegi hurbiltzen nintzen.

Hala ere, orain arte haiekin igarotako momentu guztiek zerbait erakutsi didate, eta irakasle izatearen errealitate krudela agertu didate. Galdera sakon batzuk sortaraziz: Irakasle izateko balio dut? Lor dezaket nere nerabeek zerbait ikastea era desberdin batean? Gaur egungo hezkuntza sisteman lekurik ba al dago niretzat? ...

2011-03-04

Ekintza interesgarriak

Gaurkoan institututik idazten dut. Gaur aste zuriaren aurretiko azken eguna dugu eta IES Botikazar BHIn gauza harrigarriak gertatzen ari dira.

Alde batetik, ekomomiako ikasle eta irakasleek bidezko merkataritza bultzatzeko merkatutxo bat jarri dute institutuko sarreran. Merkatutxoan janariaz gain, belarritakoak, boltsoak, etabar daude. Goiz osoan zehar bertan egon arren, uste dut hamaiketakoaren orduko gose kilimak baretzeko orduan lan gehigi izan dutela. Nik gaur nire garautxoa jarri dut eta gaileta goxo-goxo batzuk erosi ditut.

Bestetik, aratusteak direla eta, orain dela 5 edo 6 urte bezala, latineko irakaslea eta, aurten, zenbait ikasle ere erromatarrez jantzi dira. Pasiloetatik ibili eta sarreran egon dira mezu handiekin eta mezudun goxokiak jaurtikitzen.

Horrelako ekintzek edukiak irakasteaz gain, egoeretaz jabetzeko bide egokiak dira. Ekonomian bidezko merkataritzaz eta latinean, nola edo hala, erromatarren munduaz jabetzeko.

Etorkizuneko irakasleoi animatzen zaituztet horrelako ekintzak egitera!!

2011-02-28

txikerra?

Asteburua iada pasa da eta gaur astelehena berriro institutura. Astelehen lasaia izan arren, bertako praktikariak ondorio batera heldu gara: praktikaldi honetan zenbait kilo lodituko garela! Hau psikologiako klaseetan ez digute inoiz esan, baina errelitate gogor baten aurrean gaude eta onartu behar dugu.

Benetan harrigarria da irakasleen arteko harreman ona, beti edo ia beti norbaitek dakar zerbait jateko. Eta ez baldin badute ekartzen agian Indiako neskato batzuentzat bizikleta batzuk erosteko janari merkatua dagoelako izango da. Baina gauza bat argi dago: irakasleek haien ogibidearen egoera latzei, egunerokoei behintzat, sapore pixka batekin aurre egiten dietela.

Hala ere, gaur egun euritsu honetan ikasle batek humore puntua jarri dio. Irakasle gelan nengoela, cupcakes eta paperen artean, bi ikasle etorri dira nitaz galdezka. Nire izenaz galdetu beharrean, zera galdetu diote irakasle bati: txikerra? Galdetu duen ikaslea pasadan astean andereño deitu zidan berbera da. Egoera benetan barregarria izan da, pixkat surrealista!

2011-02-23

Bloga!

Praktikaldi honetan sekuentzia didaktiko bat praktikan jartzen ari naiz, esan nizuen bezala. Sekuentzia didaktiko horretan ikasleekin blog bat sortu dut, Euskara eta Euskal Literatura. Bertan ikasleek haien hausnarketak eta eginbeharrak idatziko dituzte.

Ikasleak pixkanaka-pixkanaka badoaz partaide bihurtzen eta blogean idazten. Horrek asko pozten nau, baina ez dakit blogak ikasleak motibatzen dituen...

2011-02-22

Gaur andereño deitu naute

Gaur izan da nire irakasle debut-a! Harrigarria izan arren, iada heldu egin da ordua. Gaur bi talderekin izan dut debut-a, gauza bera azaldu diet baina bi talde desberdin dira.

Orain dela 6 edo 7 urte ni nitzen mahai txiki horietan eserita zegoena, orain ordea, mahai handiaren jabe naiz, astean birritan behintzat. Gauzak asko aldatzen dira, segun eta ze mahaitan zauden eserita, uste baino gehiago aldatzen dira.

Gaur ahots tonua igo behar izan dut zurrumurruei aurre egiteko, gaur 60 bat ikasleeren arreta neureganatu behar izan dut, gaur andereño deitu naute.

Harrigarriena zera da, oraindik ez naizela andereño eta ikasle izan arren ez naizela ikasle.

2011-02-21

Lehenengo eguna

Berriro ere institutura, baina oraingoan praktiketan. Praktiketan abenduan ere ibili nintzen, baina behartze praktikak izan ziren haiek. Oraingoan eskuartze praktikak dira, alegia eskolak emateko garaia.

Gaur nire tutorearekin azken puntuak zehaztu ditut:
  • Eskolak emango ditut bi taldeetan, guztira 6 saio.
  • Espezialitate moduluko sekuentzia didaktiko bat martxan jarriko dut: Gabriel Aresti poemak literatur lantegian
  • Saio guztiak asteartetan izango dira, arazoren bat ez baldin badago.
Beraz, bihar asteartea denez bihar izango da nire irakasle lehen eguna! Orain biharko bi eskolak prestatzen hasi behar naiz...oso urduri nago...

2011-02-20

Bihar praktikak hasten dira

Azterketak amaitu eta gero, praktikak datoz. Bihar, astelehena, IES Botikazar BHIn eskuartze praktikak hasiko ditut.

Nire institutuko tutorearekin hitz egin nuen eta espezialitateko bigarren modulu honetan egin ditudan sekuentzia didaktikoak praktikan jartzeko aukera eman dit. Hala ere, sekuentzia didaktiko hauek, ziurrenik, birmoldatu beharko ditudala daukadan denbora eta eskuragarri ditudan baliabideetara.

Ilusioz beterik nagoen arren, berdur naiz irakasle ona ez izateaz.