2013-02-20

IKTak ikasgelan ibili izan diren kasua azaldu

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako irakasleen prestakuntza unibertsitate masterra orain dela urte bi egin nuen. Orduan sekuentzia didaktiko (SD) bat prestatu behar izan nuen eta geroago praktika presentzialetan martxan jartzeko aukera ere.

Praktikaldia Botikazar BHIn egin nuen. Bilboko Deustuko barrutian dago Botikazar BHI: Ibaizabal ibaiaren ertz batean, Deustuko Unibertsitatearen ondoan. Ikastetxe publiko honetan batxilergoa eskaintzen da hiru eredutan: A, B eta H (hirueleduna). Hiru aukeren artean, D eredua da ikasle gehien dituena. Hala ere, eredu hirueledunak gero eta ikasle gehiago ditu. Batxilergoaz gain Lanbide Heziketako bi ziklo ere eskaintzen dira: Zeinuen Hizkuntzaren Interpretazioa eta Gizarte Integrazioa.

Ikastetxeko ikasgela guztietan arbela arruntak, bozgorailu orokorrak eta pantaila zuriak daude. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka badoaz ikasgela guztietan kainoi finkoak eta hauek erabiltzeko bozgorailuak instalatzen. Informatika-gelan, bestalde, ordenagailu arruntak eta arbela digitalak daude. Natur zientzietako laborategian beste 12 ordenagailu daude. Horrez gain, WIFIa dago ikastetxe osoan instalatuta.

Aipatutako SD horri "Gabriel Arestiren poesia literatur lantegian" izena eman nion. Bertan Gabriel Arestiren poesia beste era desberdin batean lantzea proposatzen nuen, IKTak eta multimedia baliabideak ikasleen ikuspegiarekin uztartuz hain zuzen ere.

Horretarako Gabriel Arestiren poema batzuk hautatu, hauek SDan zehar lantzeko, eta eginbeharrak zehaztu nituen. SDak ez zituen IKTak bakarrik lantzen, horrez gain ikasleen hausnarketa eta kritika gaitasuna eta Gabriel Arestiren testuingurua ere ikasten zen. SDa hiru saiotan banatu nuen, astean behin lantzeko asmoz eta ikasleek eginbeharrak egiteko denbora izan zezaten.

Bloga, SD honen gaiaren inguruko material, iritzi eta abarren elkargune eta erreferentzi gune bilakatu nahi izan nuen. Bertan ikasleen lanez gain, literatur gune bat eta hiztegi eta entziklopedien zerrenda guneak txertatuz. Horrela, ikasleen lana edozein zelarik, bertan aurkitu zezaketen lagungarria izan zitekeen materiala edota beste web orrialdeetarako loturak. Jarduera nagusiak, Gabriel Arestiren poesia eta testuingurua ikasteaz gain, poemei buruzko bakarkako hausnarketak, taldekako bideopoemak eta sarrera teorikoak izan ziren. Jarduera guztiak blogean argitaratzea derrigorrezkoa zen, bideopoemak barne.

Blogak IKTen erabilera sustatzeko lana betetzen zuen arren, bideopoemen sorketak gaitasun digitala multimediaren alderditik indartzen zuen. Ikasleek Windows Movie Maker programaren bitartez sortu zituzten bideopoemak, astebeteko epearekin.

Ebaluazioari dagokionez, ikasleek sortutako lan guztia ebaluatu zen. Horretarako, eta ikasleek argi eduki zezaten, ebaluazio taula sortu eta blogean zintzilikatu nuen. Ebaluazio taula honetan kontuan hartuko ziren atal eta azpiatalekin batera hauek izango zuten balioa adierazi nuen.

Egunkaria Libre!!

Hamar urte geroago oraindik ere...


2013-02-13

Ikasten...nire adimena zabaltzen!

Denbora aurrera joan arren...gutariko batzuk oraindik ikasten gabiltza! Unibertsitate ikasketak amaitu genituen, baina ez dugunez lanik aurkitzen, Berri Txarrak zioen bezala, gure adimena zabaltzen jarraitzen dugu.

Aurreko baten Glotodidaktikako ikastaroaz hitz egin nizuen, baina oraingoan Eskola 2.0 eta IKTen erabilpena DBHn deiturikoa aurkeztu nahi dizuet. Ikastaro honen bidez DBHn IKTen erabilera egokia eta emankorra ahalbidetzen dituen zenbait aldaketa metodologiko barneratuko ditugu, besteak beste noski. Ikastaro honekin zerikusia duten sarrera guztiak 2013-v1 etiketarekin multzokatuko ditut.

Idazteari ekiten diodan bitartean, goza ezazue hasieran aipatu dudan abestiaz!!