Mostrando entradas con la etiqueta IKT. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta IKT. Mostrar todas las entradas

2017-02-16

NIA aberasteko proposamenak

Aurrekoan NIAz aritu nintzen eta nire NIA aztertu eta antolatu nuen. Oraingoan ordea, nire NIA aberasten jarraitzeko eta ikasteko aukera gehiago izateko emango ditudan bost urratsez hitz egingo dizuet.

  1. Delicious edo Symbaloo web markatzailea berreskuratuko, hornitu eta erabiliko dut. Etxean eta lanean erabilgarriak eta interesgarriak iruditzen zaizkidan guneak eskura izateko. Oraindik ez dakit zein berreskuratu, gomendiorik?
  2. Nire esku dagoen etekin guztia aterako diot Twitterri. Horretarako zerrenda desberdinak sortuko ditut, gai jakin batzuen gainean. Adibidez, GD + IKT jakitunak. Zerrenda honetan gaitasun digitalaren eta IKTen ezagutzan jakitunak direnak sartuko ditut eta euren ekarpenen berri arinago izango dut.
  3. Niretzat berria den Feedly RSS irakurlea erabiltzen ahaleginduko naiz. Horretarako zehazki zer, zertarako eta nola erabiltzen den aztertuko dut. Ondoren erabiltzen hasiko naiz.
  4. Hasieratik errezeloa izan diodan arren, nire identitate digitala bateratzeko unea heldu dela uste dut. Horretarako, leku guztietan nire izen-abizenekin sinatuko dut. Pausu honen alde txarrak alde onak baino argiago ditudan arren, kultura digitalaren mesedetan baikortasunez aurre egingo diot erronkari.
  5. Nire parte hartzea aktiboagoa izaten ahaleginduko naiz eta ekoiztutako edota sortutako materialak denon eskura jarriko ditut. Beste inork erabili eta hobetu dezan.
Hona hemen nire NIA aberasteko aurrera eramango ditudan bost aupadak. Ia modu egoki batean egiteko kapaza naizen.

2017-02-15

NIA ezagutzen

Adell eta Castañedaren hitzetan, eta Amaia Arroyoren itzulpenari esker, NIA (Norberaren Ikas-Alorra) pertsona bakoitzak ikasteko sarritan erabiltzen dituen tresna, informazio iturri, konexio eta jarduera multzoa da. Beraz, ondoren ikusiko duzuen NIAren diagrama nirea da, hots, ez du zertan beste pertsona batenaren antzekoa edo berdina izan behar.

Ikusten duzuen bezala, bost talde nagusitan banatu dut, nahiz eta zenbait kasutan tresna edo informazio iturri bera multzo desberdinetan egon.

  1. INFORMATU. Talde honetan informazioa bilatzeko zein lortzeko iturriak eta trasnak batu ditut. Haietara jotzen baitut jakinmin edota beharrizan bat dudan bakoitzean.
  2. KOMUNIKATU. Honako honetan ordea, informazioa, sorketak eta iritziak partekatzeko tresnak jarri ditut. Haien bidez, kideekin elkarbanatzen baitut dena.
  3. SORTU. Talde honetan materiala sortzeko erabiltzen edota inoiz erabili ditudan tresnak bildu ditut.
  4. ANTOLATU. Hemen pilatutako tresnek lortutako informazioa eta sortutako materiala antolatzen eta gordetzen laguntzen didate. Gauzak non dauden jakiteko ezin bestekoa delako ordena.
  5. ARGITARATU. Tresna hauen bitartez antolatuta daukadan informazioa eta materiala plazaratzen dut, denon eskura egoteko.
Beraz, argi antzeman daitekeen bezala NIA oso pertsonala da, bakoitzak erabiltzen dituen tresnez eta informazio iturriz hornitua baitago. Baina, talde hauei gehitu behar zaie bakoitzak, norberak, sortzen eta egiten dituen konexioak eta jarduerak.

2017-02-12

Kultura digitala

eDIGCOMP ikastaroan gaitasun digitalarekin zerikusia duten kontzeptu desberdinen berri izan dugu, eta oraingoan kultura digitalaren unea heldu da. Baina, zer da kultura digitala?

Esan genezake, teknologia digitaletan oinarritutako kultura dela kultura digitala. Beraz, nahitaez gaur egun oso garrantzitsua den zerbait da. Amaia Arroyok #kdigitala aberasteko arrazoiak deituriko bideoan dioen bezala, kultura digitala "heldu da eta geratzeko dago hemen". Ondorioz, egin dezakegun gauza bakarra baikortasunez hartzea eta gauza onak eta ederrak egitea da.


Horretarako, teknologia ulertzea beharrezkoa da, gure mugak zabaldu ahal izateko. Mugak zabaltzean, gure ikasteko ingurune pertsonala (PLE) handitu eta sendotu egiten da. Beraz, zenbat eta baliabide gehiago izan, orduan eta mundua eta gizartea hobetzeko aukera gehiago dauzkagu.


Hori dela eta, irakasle bezala dauzkagun ikasteko baliabideei eta moduari buruzko hausnarketa sakona egin behar dugu. Honi esker, gure PLEa hobeagoa izango delako eta ikasleekin beste jarrera bat hartuko dugulako.

2017-02-11

Gaitasun digitala neurtzen

Aurrekoan markoei buruzko hausnarketa egin nuen, zeinetan jarrera irekiaz eta gaitasun digitala lantzeko bost ataletaz erreflexionatu nuen. Oraingoan ordea, konpetentzia digitala neurtzeko galdetegiaz arituko naiz. eDIGCOMP ikastaroan IKANOS proiektuaren berri izan baitugu.

IKANOS proiektuak gaitasun digitalak ebaluatzeko autodiagnostikoko galdetegi bat du, on-line egiten dena. Galdetegi honi esker hiritar bezala daukagun profil digitalaren berri izan ahal dugu. Era erraz batean eta 15 munututan, gutxi gorabehera, egiten den inkesta bat da. Emaitzak aginte taula eta txosten baten bidez helarazten dizkizute momentuan bertan.

2. jarduera gisa, IKANOSen galdeketa egin behar izan dugu. Benetan interesgarria den inkesta bat da, bakoitzaren gaitasun digitala neurtzen delako. Esan bezala, 15 minutu inguruko ariketa da, baina niri luze samarra iruditu zait. Zenbait kasutan ITEMak orokorregiak iruditu zaizkit, beharbada zehatzagoak balira, zuzenago erantzungo nuke. Hala ere, nire ustez gaitasun digitalaren arlo guztiak ukitzen ditu inkestak. Beraz, esan nezake, erraminta egokia dela konpetentzia digitala neurtzeko.

Aipatu bezala, galdetegia egin eta emaitzak eskuratu ditut. Galdeketa egiten nuen bitartean guztiz kontzentratuta nenbilen ITEM bakoitzean, erantzunak ahalik eta zuzenenak emateko. Emaitzak agertu direnean ordea, zenbait sentimendu kontrajarri izan ditut. Alde batetik, poztu naiz eta harro sentitu naizela onartu behar dut; urteak baitaramatzat konpetentzia digitalean trebatzen. Baina bestetik, dezepzioa sentitu dut, uste baino hutsune gehiago ditudalako.

Laburbilduz, IKANOSek eskura jartzen duen galdetegia guztiz baliagarria da hiritak batek duen maila digitala neurtzeko. Irakasle bezala, gaitasun digitalaren ardura ezinbestekoa dela deritzot. Beraz, sentimendu kontrajarriak eta hainbat gauza hobetzeko izan arren, gogor ekin behar diogu gure lanbidean gero eta garrantzitsuagoa den konpetentzia honen trebakuntzan.

2017-02-10

Markoei buruzko hausnarketa

eDIGCOMP deritzon ikastaroaren 1. blokeko jardueran markoei buruzko hausnarketa egitea eskatzen zaigu, irakasleen gaitasun digitalaren marko bateratuei buruzko hausnarketa alegia.

Horretarako, lehenik eta behin, irekia izatea zer den definitu behar da. Carlos Castañosen Hezkuntza Irekia bideoa ikusi ostean, argi dago irekia izatea jarrera kontua dela, besterik ez.

Azkenengo lau hamarkadetan baliabide teknologikoen eta digitalen bilakaera ikaragarrizkoa izan da, Grainne Conolek adieraz zuen bezala. Batzuen ustez, bilakaera horren ondorioz web-a hil egin da, gaue egun app-en bidez dena egiten baitugu. Hala ere, badaude beste batzuk web-a bizirik dagoela aldarrikatzen dutenak.

Horrek, bilakaera horrek hain zuzen, hainbat gauza ekarri dizkigu, adibidez edukiak elkarbanatzeko aukera. Honek, bost baimenen sorkuntza behartu du, edukien askatasuna mugatzeko.

Baimen hauei esker jakintza askea argiago geratzen da, eta ondorioz argi dago irekia izatea jarrera kontu bat dela. Bakiotzak erabakitzen baitu bere edukiaren irekiera. Jarrera aske honek guztion onura sendoa dakar, zeinetan edonork parte hartu dezake.

Gaitasun digitalari dagokionez, jarrera irekia izatea badu bere garrantzia eta urteetam zehar gauzak ondo eta txarto egin dira hezkuntza arloan. Alde batetik, pertsona eta erakundeen artean edukiak elkarbanatzeko, on-line ikastaroak egiteko, etab. plataformak eta tokiak egin dira. Hauek ondo egindako adibideak dira, nahiz eta oraindik zer hobetu izan. Bestetik, badira txarto egindakoak ere. Eredu kontzeptual gutxi irakaslegoaren prestakuntzan eta teknozentrismoa bates ere. Azken honek gaitasun digitalaren oinarria ahaztu du, edukien ezagutza eta ezagutza pedagogikoa ahazten baitu.


Gaitasun digitalaren harira, Kataluniako Proyecto Interdepartamental de CDD de Cataluñan adierazi zuten bezala, irakaslearen gaitasun digitala instrumentalaren eta metodologiaren gehiketa da. Maite Goñiren #kdigitalaren markoak azaltzen #eDIGCOMen bideoan ondo azaltzen den bezalaxe, aipatutako proiektuan bost dimentsio banatzen dituzte kataluniarrek. Hauen antzekoak dira Europak proposatzen dituen atalak gaitasun digitala landu ahal izateko.


Guzti hau kontuan izanik, esan genezake jarrera irekia izatea oso garrantzitsua dela gaur egungo gizartean eta hezkuntza esparruan. Batek sortutako materiala berregin, birmoldatu, osotu eta hobetu ahal dugulako denon artean. Horrez gain, gaitasun digitalaren kontzientzia izatea ere ezinbestekoa da, eta hau aurrera eramateko landu beharreko eremuak argi izatea ere. Horrela irakasleon lana osoagoa eta hobeagoa izango da.

2017-02-09

Eraberritu ala hil

Bere garaian Miguel de Unamunok esan zuen aurrerapena eraberritzean datzala, eta hitz horiek kontuan izanda aurten on-line ikastaro bi egiteko asmoa daukat.

Horietako bat eDIGCOMP Konpetentzia Digitala Irakasleentzat eta Ikasleentzat deitzen da. Ikastaro honen helburua da sarearen eta konektibitatearen potentzialaz jabetzea eta teknologia ikasgelan eta ikastetxean aplikatzeko oinarrizko konpetentziak garatzea, zeharkako ikaskuntza irekia sustatzeko elementu gisa. Beraz, egun hauetan argitaratuko ditudan hainbat sarrera ikastaro honekin izango dute zerikusia. Denak eDIGCOMP estekarekin batuko ditut.

2013-11-05

Bata amaitzear, bestea hasi berria!

Bi astetxo besterik ez zaizkit geratzen Mikel deuna auzoan kokatutako etxe honetan. Aste bi dauzkat sorgin zorrotz eta gaiztoaren irudia kentzeko, horrelakoa naizela uste dut ikasleen begietan eta.

Bi aste...
Hamabost egun...
Hirurehun eta hirurogei egun...
Hogeita bat mila eta seiehun ordu...

Bertan emandako denbora guztian hainbat gauza ikasi ditut, irakatsi ordea ez dakit. Ez dakit ikasleek ezer ikasi duten, euskararen garrantziaz konturatu diren edota emandako materiala erabilgarria izango zaien. Baina ene intentzio onenarekin ibili naizenez, lasai nago, ahal den lasaien.

Lauaxeta Ikastolan emandako igaroaldiaren amaiera gertu dagoen arren, ezin izan dut itxaron eta online bidezko ikastaro batetan izena eman dut: Competencias TIC para profesores.

Ikastaro honetan IKTen ezagutza handitzea espero dut, eta beste ikastola edo ikastetxeren batean lan egiteko aukera badut, bertan praktikan jartzea ere.

Bitartean, gozatuko ditut azken...

Bi aste...
Hamabost egun...
Hirurehun eta hirurogei egun...
Hogeita bat mila eta seiehun ordu...

2013-10-18

Euskal Mitologiari buruzko Koowall-a

Murgildu gara Koowall-aren munduan.

Nire lehenengo Koowall-a 2.DBHkoekin batera egin dut. Uste baino zailagoa da ekintza...pertsonaiak ordenean joan daitezen ikasleek orden jakin batean lan egin behar dutelako.

Hala ere, itxura ederra hatzen doa eta ikasleen lana paregabea da!! Ikasleek Euskal Mitologiari buruzko informazioa batu ostean Euskal Mitologia 2.B Koowallean oihukatzen dabiltza!


2013-09-11

KooWall¿?

IKTekin lan egiteko ahaleginetan nabil Lauaxeta Ikastolan, aro digitalera moldatzeko egiten ari diren ahaleginean neure apurra gehitzeko.

Lagun artean 2.DBHen erabili ahal diren IKTez galdetu nuen, eta batek KooWall-a aipatu zuen. Neure buruan hainbat galdera: Zer da? Zertarako balio du? Euskara eta Literatura ikasgaiarekin bat etor daiteke? Hala bada, nola erabili era egoki batean?

Hasi naiz interneteko mundu zabalean bilatzen eta hainbat orrialde irakurtzen. Badirudi, iDidactic's-en diotenez, kale horma antzeko bat dela, eta bertan ikasle zein irakasleek parte har dezakete eta gai bati buruz horma bat hornitu. Hau da, betiko kartulinak, errotulagailuak eta argazkiak baina era digital batean.

Irakaskideekin komentatu eta aurtengo kurtsora begira egitarautxo bat prestatu ondoren, erantzunaren zai nago: KooWall-a 2. DBHn bai ala ez?


2013-03-08

Ebaluazio mota berrien adibideak

2007. urteko "Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Dekretu Kurrikularra"ren III. eranskinean, hau da, oinarrizko gaitasunei buruzko eranskinean; hau esaten da informazioa tratatzeko eta teknologia difitala erabiltzeko gaitasunari buruz:

"Informazioa bilatzean, lortzean, prozesatzean, komunikatzean eta informazio hori jakitate bilakatzean datza gaitasun hau. Gaitasun honek eskatutako trebetasunen artean daude, besteak beste, informazioa eskuratzekoa, hura tratatu eta informazio-euskarrietara transmititzekoa, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak informatzeko, ikasteko eta komunikatzeko erabiltzekoa." (Dekretu Kurrikularra, 2007, 20. or)

Antonio Pérez-ek bere "La competencia digital en el alumnado de la ESO: de la definición teórica a la realidad práctica" deituriko hitzaldian, gaitasun digitalak hartu edota ikutu ditzakeen hainbat alor aipatu eta sakontzen ditu. Haietako azkena Informazio eta Komunikazio Teknologien (hemendik aurrera IKT) inguruko gaitasunaren ebaluazioari buruzkoa da.

Hitzaldiaren atal honetan ICILSaren (International Computer and Information Literacy Study) zenbait zertzeladatxo aurkezten dizkigu. Ikerketa honetan oinarriturik, gaitasun digitala, adibidez, lau era desberdinetan ebaluatu daiteke:
  1. Eskolaz kanpoko kirol talde batean izena ematea.
  2. Ikasketa bidaiaren antolaketa.
  3. Gazteagoak diren ikasleei gizakion arnasketa azaltzea.
  4. Produktu jakin bat saltzea.
Aipaturiko lau modu hauek, 4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako (hemendik aurrera DBH) baliagarriak dira soilik, egoera praktikoetan oinarrituak daude, eta hauek burutzeko IKT ezberdinak erabili beharko dituzte.

Guztietatik, 3. ebaluazio erari jarriko diogu arrtea. Henetan, ikasleek, 4. DBHko ikasleek, gizakion arnasketa prozesua azaldu behar diete Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleei. Jarduera aurrera eraman ahal izateko 4. DBHko ikasleek arnasketa prozesuari buruzko informazioa bilatu, hau ulertu, moldatu eta azaltzeko orduan behar izango dituzten materialak (bideoak, argazkiak, eskemak, power pointak, pecha kuchak...) prestatu behar dituzte. Lan guztia IKTetan oinarriturik egingo dute, beraz hauek eskeintzen duten eskeintza zabalari esker gaitasun digitala martxan jarriko dute.

Euskara eta Euskal Literatura deituriko ikasgari (neure irakas materia baita) dagokionez, aurreko ebaluazio proba baliagarria izan daiteke; literatura, zein gramatika lantzeko.

Literatura arloan, adibidez, ikasgelan bertan landuko diren idazle edota testu motak azaltzeko balio du ebaluazio proba hau. Ikasle taldeak egin daitezke eta talde bakoitzari ikasturtean zehar jorratuko den gai bat banatu ahal zaie. Ikasleek aurkezpen data kontuan izanik haiek bilatu beharko lukete informazioa, aurkitutakoa ulertu eta prozesatu, eta aurkezpen egunerako materiala prestatu. Egun horretan irakaslea ikasleen artean jesarriko litzateke eta haien aurkezpena entzun eta ebaluatuko luke, erabilitako informazioaren baliagarritasuna, azalpenen kalitatea eta erabilitako material guztiak (aurkezpenekoak eta bibliografian agertzen direnak) kontuan izanik.

Egoera praktukoetan oinarritutako ebaluazio mota hauek oso baliagarriak direla uste dut, bai sakondutakoa, bai besteak ere. Hauei esker, nire ustez, ikasleen gaitasun digitala garatzeaz gain, oinarrizkoak diren ikasten ikasteko gaitasuna, hizkuntza-komunikazio gaitasuna eta norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasunak ere, besteak beste, garatzen dira edukiak lantzen diren heinean.

Beraz, Pere Marqués-ek zioen kultura berri honen jakintza berriak ebaluatzeko era bikainak dira ICILSari esker Antonio Pérez-ek aurkeztu dizkigunak.

2013-03-02

Pencha Kucha eta hitzaldiari buruzko hausnarketak

Pere Marquésen hitzaldia oso interesgarria dela uste dut. Eskola-porrotaren datuak aho zabalik utzi ninduten, ez bainuen pentsatzen portzentaia hain altua zenik. Datu horiek kontuan edukita, ez dakit IKTen erabilera edota garapen kurrikular bimodala nahikoa izango diren eskola-porrotaren portzentaiak murrizteko. Baina argi dago, lehenago edo geroago, kultura berri honek eskatzen dituen beharrizanak asetzeko hainbat gauza aldatu behar direla, gure ikasleak haien egunerokotasuenan trebeak izan daitezen.
 
Pecha Kucharen bitartez eginiko aurkezpenak oso interesgarriak eta baliagarriak iruditu zaizkut. Hasieran zail egin zait, baina izandako oztopo txikiak gainditu ostean; ikasgelan erabiltzeko tresna egokia iruditu zait. Ahotsa bertan grabatzen baldin bada, ikasleek aurkezpenari zai dauden bitartean, hauei begira egon zaitezke, haien erantzunak aztertzeko eta arreta falta zuzentzeko. Gainera, aurkezpen txikiak direnez, gauzak sintetizatu behar dira, eta ikasleen galderak sor daitezke.
 
Pere Marqués-ek esandako guztia eta Pencha Kucha aurkezpenak oso kontuan izanbeharreko gauzak dira, kultura behrri honen beharrizanak eta ikasleen helburu guztiak asetu ahal izateko.

Pecha Kucha



2013-02-20

IKTak ikasgelan ibili izan diren kasua azaldu

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako irakasleen prestakuntza unibertsitate masterra orain dela urte bi egin nuen. Orduan sekuentzia didaktiko (SD) bat prestatu behar izan nuen eta geroago praktika presentzialetan martxan jartzeko aukera ere.

Praktikaldia Botikazar BHIn egin nuen. Bilboko Deustuko barrutian dago Botikazar BHI: Ibaizabal ibaiaren ertz batean, Deustuko Unibertsitatearen ondoan. Ikastetxe publiko honetan batxilergoa eskaintzen da hiru eredutan: A, B eta H (hirueleduna). Hiru aukeren artean, D eredua da ikasle gehien dituena. Hala ere, eredu hirueledunak gero eta ikasle gehiago ditu. Batxilergoaz gain Lanbide Heziketako bi ziklo ere eskaintzen dira: Zeinuen Hizkuntzaren Interpretazioa eta Gizarte Integrazioa.

Ikastetxeko ikasgela guztietan arbela arruntak, bozgorailu orokorrak eta pantaila zuriak daude. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka badoaz ikasgela guztietan kainoi finkoak eta hauek erabiltzeko bozgorailuak instalatzen. Informatika-gelan, bestalde, ordenagailu arruntak eta arbela digitalak daude. Natur zientzietako laborategian beste 12 ordenagailu daude. Horrez gain, WIFIa dago ikastetxe osoan instalatuta.

Aipatutako SD horri "Gabriel Arestiren poesia literatur lantegian" izena eman nion. Bertan Gabriel Arestiren poesia beste era desberdin batean lantzea proposatzen nuen, IKTak eta multimedia baliabideak ikasleen ikuspegiarekin uztartuz hain zuzen ere.

Horretarako Gabriel Arestiren poema batzuk hautatu, hauek SDan zehar lantzeko, eta eginbeharrak zehaztu nituen. SDak ez zituen IKTak bakarrik lantzen, horrez gain ikasleen hausnarketa eta kritika gaitasuna eta Gabriel Arestiren testuingurua ere ikasten zen. SDa hiru saiotan banatu nuen, astean behin lantzeko asmoz eta ikasleek eginbeharrak egiteko denbora izan zezaten.

Bloga, SD honen gaiaren inguruko material, iritzi eta abarren elkargune eta erreferentzi gune bilakatu nahi izan nuen. Bertan ikasleen lanez gain, literatur gune bat eta hiztegi eta entziklopedien zerrenda guneak txertatuz. Horrela, ikasleen lana edozein zelarik, bertan aurkitu zezaketen lagungarria izan zitekeen materiala edota beste web orrialdeetarako loturak. Jarduera nagusiak, Gabriel Arestiren poesia eta testuingurua ikasteaz gain, poemei buruzko bakarkako hausnarketak, taldekako bideopoemak eta sarrera teorikoak izan ziren. Jarduera guztiak blogean argitaratzea derrigorrezkoa zen, bideopoemak barne.

Blogak IKTen erabilera sustatzeko lana betetzen zuen arren, bideopoemen sorketak gaitasun digitala multimediaren alderditik indartzen zuen. Ikasleek Windows Movie Maker programaren bitartez sortu zituzten bideopoemak, astebeteko epearekin.

Ebaluazioari dagokionez, ikasleek sortutako lan guztia ebaluatu zen. Horretarako, eta ikasleek argi eduki zezaten, ebaluazio taula sortu eta blogean zintzilikatu nuen. Ebaluazio taula honetan kontuan hartuko ziren atal eta azpiatalekin batera hauek izango zuten balioa adierazi nuen.

2013-02-13

Ikasten...nire adimena zabaltzen!

Denbora aurrera joan arren...gutariko batzuk oraindik ikasten gabiltza! Unibertsitate ikasketak amaitu genituen, baina ez dugunez lanik aurkitzen, Berri Txarrak zioen bezala, gure adimena zabaltzen jarraitzen dugu.

Aurreko baten Glotodidaktikako ikastaroaz hitz egin nizuen, baina oraingoan Eskola 2.0 eta IKTen erabilpena DBHn deiturikoa aurkeztu nahi dizuet. Ikastaro honen bidez DBHn IKTen erabilera egokia eta emankorra ahalbidetzen dituen zenbait aldaketa metodologiko barneratuko ditugu, besteak beste noski. Ikastaro honekin zerikusia duten sarrera guztiak 2013-v1 etiketarekin multzokatuko ditut.

Idazteari ekiten diodan bitartean, goza ezazue hasieran aipatu dudan abestiaz!!