2011-03-25

Ebaluaketa eta prosa bideratuan murgiltzera!

Heldu da praktiketako memoria amaitzen saiatu eta ikasleen lanak ebaluatzeko garaia. Praktikak amaitu zitzaizkidan joan den astean eta III. moduloan astebete daramat.

Alde batetik, ikasleen lan guztiak objektiboki zuzendu eta ebaluatu behar ditut, haien 3. ebaluaketako puntu bat joakoan dagoelako. Guztiek ez dute berdin parte hartu, batzuk parte hartu ere ez dute egin eta! Batzuek lan txukunak idatzi eta sortu dituzte, beste batzuek ez hainbeste (nahi ez zutelako gehien bat). Esperientzi polita izan da, zenbaitetan gogorra; baina orokorrean ona! Orain, irakasle izatearen alderik itsusienean sartzeko garaia heldu zait: zuzenketak eta ebaluaketak.

Bestetik, praktiketan egindako guztia 15-40 orrialdetan batu behar dut. Baina zelako 15-40 orrialde! Dena gomendatutako luzerarekin eta ordenarekin zehaztua dago. Idatzi eta idatzi nabil, baina gaur amaitzen baldin badut nire praktiketako tutoreari igorri behar diot pixkat "zuzendu" dezan.

Beraz, banoa berriro ebaluaketa eta prosa bideratuan murgiltzera!

2011-03-21

Poesiaren Nazioarteko Eguna eta III. moduloko lehen eguna

Gaur egun borobila eduki dugu.

Gaur Poesiaren Nazioarteko Eguna izan delako, eta oraindik delako noski, Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik poesia liburua atera dut apaletik. Hartzerakoan Berlineko paper batzuk erori zaizkit lurrera. Hamaika oroitzapen etorri zaizkit burura uztail alemaniar hartaz! Hilabete bat bakarrik eman nuen Berlinen eta poesia liburu hori eraman nuen etxetik hurbilago sentiarazteko.

Oroitzapenez gain, gaur masterreko III. moduloko, edo II. espezialitate moduloko, lehenengo eguna izan da. Gasteizera joan gara berriro arratsalde osoa. Irakasle berriak eta irakasgai berriak dauzkagu. Gaurko aurkezpenak kontuan izanik, nahiko edo oso interesgarriak iruditu zaizkit irakasgaiak. Bata Euskararen Tipologiaren Eremua; eta bestea, Variaciones Lingüísticas y Variantes de la Lengua.
Si no te ha sorprendido nada extraño durante el día, es que no ha habido día.
John Archibald

2011-03-17

Abesteko beste era bat

Gaur bertan ikusi dut Zea Mays-en bideoklip berria eta harritu baino gehiago egin dit. Musika, abestiak eta kantuak hitz idatzi eta ahoskatuekin lotzen ditugu, baina Negua joan da ta abestiaren bideoklip-ean pauso bat urrunago doaz: Zeinuen hizkuntzaren bidez transmititzen dutelako, musikaz eta hitz abestuez gain, mezua.


XXI. mende honetara musika eta abestiak moldatu behar direlaren seinale gisa har dezakegu. Eta gure buruari galdera bat egin: Zergaitik ez zeinuen hizkuntza ikasi honetan gure sentipenak adierazteko?

2011-03-16

Amaitu dira praktikak

Gaur izan nire praktiketako azken eguna, atzo azken saioak eman nituen arren. Azkar pasa dira lau asteak, beno nire kasuan hiru asteak, aste zuriaz gozatu ahal izan dudalako.

Sekuentzia didaktikoa moldatu zentruko errealitatera, saioak prestatu, saioetan suertatzen ziren egoerak kontrolatzeko momentuan bertan prestatutakoa birmoldatu, 60 bat neraberen aurrean proiektua aurkeztu eta landu, orduak eta orduak irakaslen gelan eman,... 13 egun eman ditut errealitateaz ikasten.

Merezi izan du ikasle-irakasle bihurtzea ikasitako zentruan. Gauza asko beste prespektiba batetik antzeman ditut eta.

Baina iada praktikak amaitu dira, eta orain berriro ikasle izatera pasa behar naiz, masterreko ikasle. Datorren astean Gasteizko errutinara bueltatuko gara lau astez astelehenetik ostegunera hara joanez. Eta bitartean, praktiketako memoria amaitu eta MAL-a hasi eta amaitu behar dugu!

Ikasle izatearen madarikazioan murgiltzeko ateetan gaude!!

2011-03-15

Praktiken amaiera hurbileko galderak

Hau da praktikaldiko laugarren astea, beno batzuontzat hirugarrena da aste zuriaz gozatu baitugu. Aste hauetan gutariko askok gure bizitzako ganorazko lehenengo klaseak prestatu eta eman ditugu. Pertsonalki, ez da batere erraza izan, dirudiena baino zailagoa baita nerabeen burmuinetera heltzea.

Bihar nire azken bi praktika-eskolak izango ditut. Ez dakit nahi nuena lortu dudan, ezta hurbildu naizen ere; baina esperientzia honek merezi izan du! Gutxi gora-behera 60 bat ikasle izan ditut, eta guzti-guztiak oso desberdinak. Batzuetan momentu dibertigarriak sortzen ziren, baina beste batzuetan ahaztua nuen nerabeen izaera krudela loratzen zen eta etsipenera gehiegi hurbiltzen nintzen.

Hala ere, orain arte haiekin igarotako momentu guztiek zerbait erakutsi didate, eta irakasle izatearen errealitate krudela agertu didate. Galdera sakon batzuk sortaraziz: Irakasle izateko balio dut? Lor dezaket nere nerabeek zerbait ikastea era desberdin batean? Gaur egungo hezkuntza sisteman lekurik ba al dago niretzat? ...

2011-03-04

Ekintza interesgarriak

Gaurkoan institututik idazten dut. Gaur aste zuriaren aurretiko azken eguna dugu eta IES Botikazar BHIn gauza harrigarriak gertatzen ari dira.

Alde batetik, ekomomiako ikasle eta irakasleek bidezko merkataritza bultzatzeko merkatutxo bat jarri dute institutuko sarreran. Merkatutxoan janariaz gain, belarritakoak, boltsoak, etabar daude. Goiz osoan zehar bertan egon arren, uste dut hamaiketakoaren orduko gose kilimak baretzeko orduan lan gehigi izan dutela. Nik gaur nire garautxoa jarri dut eta gaileta goxo-goxo batzuk erosi ditut.

Bestetik, aratusteak direla eta, orain dela 5 edo 6 urte bezala, latineko irakaslea eta, aurten, zenbait ikasle ere erromatarrez jantzi dira. Pasiloetatik ibili eta sarreran egon dira mezu handiekin eta mezudun goxokiak jaurtikitzen.

Horrelako ekintzek edukiak irakasteaz gain, egoeretaz jabetzeko bide egokiak dira. Ekonomian bidezko merkataritzaz eta latinean, nola edo hala, erromatarren munduaz jabetzeko.

Etorkizuneko irakasleoi animatzen zaituztet horrelako ekintzak egitera!!