2013-11-05

Bata amaitzear, bestea hasi berria!

Bi astetxo besterik ez zaizkit geratzen Mikel deuna auzoan kokatutako etxe honetan. Aste bi dauzkat sorgin zorrotz eta gaiztoaren irudia kentzeko, horrelakoa naizela uste dut ikasleen begietan eta.

Bi aste...
Hamabost egun...
Hirurehun eta hirurogei egun...
Hogeita bat mila eta seiehun ordu...

Bertan emandako denbora guztian hainbat gauza ikasi ditut, irakatsi ordea ez dakit. Ez dakit ikasleek ezer ikasi duten, euskararen garrantziaz konturatu diren edota emandako materiala erabilgarria izango zaien. Baina ene intentzio onenarekin ibili naizenez, lasai nago, ahal den lasaien.

Lauaxeta Ikastolan emandako igaroaldiaren amaiera gertu dagoen arren, ezin izan dut itxaron eta online bidezko ikastaro batetan izena eman dut: Competencias TIC para profesores.

Ikastaro honetan IKTen ezagutza handitzea espero dut, eta beste ikastola edo ikastetxeren batean lan egiteko aukera badut, bertan praktikan jartzea ere.

Bitartean, gozatuko ditut azken...

Bi aste...
Hamabost egun...
Hirurehun eta hirurogei egun...
Hogeita bat mila eta seiehun ordu...

2013-10-18

Euskal Mitologiari buruzko Koowall-a

Murgildu gara Koowall-aren munduan.

Nire lehenengo Koowall-a 2.DBHkoekin batera egin dut. Uste baino zailagoa da ekintza...pertsonaiak ordenean joan daitezen ikasleek orden jakin batean lan egin behar dutelako.

Hala ere, itxura ederra hatzen doa eta ikasleen lana paregabea da!! Ikasleek Euskal Mitologiari buruzko informazioa batu ostean Euskal Mitologia 2.B Koowallean oihukatzen dabiltza!


H letra


Argazkiak eta marrazkiak deituriko facebook-eko orrialdetik hartua.

2013-09-11

KooWall¿?

IKTekin lan egiteko ahaleginetan nabil Lauaxeta Ikastolan, aro digitalera moldatzeko egiten ari diren ahaleginean neure apurra gehitzeko.

Lagun artean 2.DBHen erabili ahal diren IKTez galdetu nuen, eta batek KooWall-a aipatu zuen. Neure buruan hainbat galdera: Zer da? Zertarako balio du? Euskara eta Literatura ikasgaiarekin bat etor daiteke? Hala bada, nola erabili era egoki batean?

Hasi naiz interneteko mundu zabalean bilatzen eta hainbat orrialde irakurtzen. Badirudi, iDidactic's-en diotenez, kale horma antzeko bat dela, eta bertan ikasle zein irakasleek parte har dezakete eta gai bati buruz horma bat hornitu. Hau da, betiko kartulinak, errotulagailuak eta argazkiak baina era digital batean.

Irakaskideekin komentatu eta aurtengo kurtsora begira egitarautxo bat prestatu ondoren, erantzunaren zai nago: KooWall-a 2. DBHn bai ala ez?


Keep Calm & Speak Basque


2013-09-10

Kaixo, egun on, ni...

Heldu da azkenean uztailetik gorriz markatutako eguna: ikasleak ezagutzen asteko eguna.

Uztailean, zenbait lan elkarrizketa egin eta gero, Lauaxeta Ikastolan baiezkoa eta aukera paregabea emandidate. Amatasun baja bat da, beraz epe laburreko baja goxoa. Aurreko astetik nabil Eubako txoko garai honetan, baina atzo etorri ziren estreineko aldiz, ikasturte honetan, ikasleak. Atzo tutoreekin igaro zuten egune, gaur ordea gainontzeko irakasleok ibili gara handik eta hemendik...

"Kaixo, egun on, ni..." hau izan da ikasleek entzun duten lehenengo esaldia. Isilik eta begira egon dira DBHko 3. Bko ikasleak. Zenbait ikasleren izenak ikasi ditut jadanik, parte hartzaileenenak eta nola ez, berbontzienak. DBHko 4.Ckoak ordea parte hartzaileagoak egon dira. Batzuk beste batzuk baino gehiago, beti bezala. Honetan ere, zenbait izen ikasi ditut.

Gaurkoz iada ez daukat ikasleekin eskola ordu gehiago, baina batzartxo bi dauzkat. Ea ikasle batzuen egoera hobeto ulertzen lagunduten didan lehenengoak eta ea ikasleekin IKT munduan lan egiteko aukera ematen didan bigarrenak.

2013-03-08

Ebaluazio mota berrien adibideak

2007. urteko "Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Dekretu Kurrikularra"ren III. eranskinean, hau da, oinarrizko gaitasunei buruzko eranskinean; hau esaten da informazioa tratatzeko eta teknologia difitala erabiltzeko gaitasunari buruz:

"Informazioa bilatzean, lortzean, prozesatzean, komunikatzean eta informazio hori jakitate bilakatzean datza gaitasun hau. Gaitasun honek eskatutako trebetasunen artean daude, besteak beste, informazioa eskuratzekoa, hura tratatu eta informazio-euskarrietara transmititzekoa, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak informatzeko, ikasteko eta komunikatzeko erabiltzekoa." (Dekretu Kurrikularra, 2007, 20. or)

Antonio Pérez-ek bere "La competencia digital en el alumnado de la ESO: de la definición teórica a la realidad práctica" deituriko hitzaldian, gaitasun digitalak hartu edota ikutu ditzakeen hainbat alor aipatu eta sakontzen ditu. Haietako azkena Informazio eta Komunikazio Teknologien (hemendik aurrera IKT) inguruko gaitasunaren ebaluazioari buruzkoa da.

Hitzaldiaren atal honetan ICILSaren (International Computer and Information Literacy Study) zenbait zertzeladatxo aurkezten dizkigu. Ikerketa honetan oinarriturik, gaitasun digitala, adibidez, lau era desberdinetan ebaluatu daiteke:
  1. Eskolaz kanpoko kirol talde batean izena ematea.
  2. Ikasketa bidaiaren antolaketa.
  3. Gazteagoak diren ikasleei gizakion arnasketa azaltzea.
  4. Produktu jakin bat saltzea.
Aipaturiko lau modu hauek, 4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako (hemendik aurrera DBH) baliagarriak dira soilik, egoera praktikoetan oinarrituak daude, eta hauek burutzeko IKT ezberdinak erabili beharko dituzte.

Guztietatik, 3. ebaluazio erari jarriko diogu arrtea. Henetan, ikasleek, 4. DBHko ikasleek, gizakion arnasketa prozesua azaldu behar diete Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleei. Jarduera aurrera eraman ahal izateko 4. DBHko ikasleek arnasketa prozesuari buruzko informazioa bilatu, hau ulertu, moldatu eta azaltzeko orduan behar izango dituzten materialak (bideoak, argazkiak, eskemak, power pointak, pecha kuchak...) prestatu behar dituzte. Lan guztia IKTetan oinarriturik egingo dute, beraz hauek eskeintzen duten eskeintza zabalari esker gaitasun digitala martxan jarriko dute.

Euskara eta Euskal Literatura deituriko ikasgari (neure irakas materia baita) dagokionez, aurreko ebaluazio proba baliagarria izan daiteke; literatura, zein gramatika lantzeko.

Literatura arloan, adibidez, ikasgelan bertan landuko diren idazle edota testu motak azaltzeko balio du ebaluazio proba hau. Ikasle taldeak egin daitezke eta talde bakoitzari ikasturtean zehar jorratuko den gai bat banatu ahal zaie. Ikasleek aurkezpen data kontuan izanik haiek bilatu beharko lukete informazioa, aurkitutakoa ulertu eta prozesatu, eta aurkezpen egunerako materiala prestatu. Egun horretan irakaslea ikasleen artean jesarriko litzateke eta haien aurkezpena entzun eta ebaluatuko luke, erabilitako informazioaren baliagarritasuna, azalpenen kalitatea eta erabilitako material guztiak (aurkezpenekoak eta bibliografian agertzen direnak) kontuan izanik.

Egoera praktukoetan oinarritutako ebaluazio mota hauek oso baliagarriak direla uste dut, bai sakondutakoa, bai besteak ere. Hauei esker, nire ustez, ikasleen gaitasun digitala garatzeaz gain, oinarrizkoak diren ikasten ikasteko gaitasuna, hizkuntza-komunikazio gaitasuna eta norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasunak ere, besteak beste, garatzen dira edukiak lantzen diren heinean.

Beraz, Pere Marqués-ek zioen kultura berri honen jakintza berriak ebaluatzeko era bikainak dira ICILSari esker Antonio Pérez-ek aurkeztu dizkigunak.

Martxoak 8: Nazioarteko Emakume Langileen Eguna


2013-03-02

Pencha Kucha eta hitzaldiari buruzko hausnarketak

Pere Marquésen hitzaldia oso interesgarria dela uste dut. Eskola-porrotaren datuak aho zabalik utzi ninduten, ez bainuen pentsatzen portzentaia hain altua zenik. Datu horiek kontuan edukita, ez dakit IKTen erabilera edota garapen kurrikular bimodala nahikoa izango diren eskola-porrotaren portzentaiak murrizteko. Baina argi dago, lehenago edo geroago, kultura berri honek eskatzen dituen beharrizanak asetzeko hainbat gauza aldatu behar direla, gure ikasleak haien egunerokotasuenan trebeak izan daitezen.
 
Pecha Kucharen bitartez eginiko aurkezpenak oso interesgarriak eta baliagarriak iruditu zaizkut. Hasieran zail egin zait, baina izandako oztopo txikiak gainditu ostean; ikasgelan erabiltzeko tresna egokia iruditu zait. Ahotsa bertan grabatzen baldin bada, ikasleek aurkezpenari zai dauden bitartean, hauei begira egon zaitezke, haien erantzunak aztertzeko eta arreta falta zuzentzeko. Gainera, aurkezpen txikiak direnez, gauzak sintetizatu behar dira, eta ikasleen galderak sor daitezke.
 
Pere Marqués-ek esandako guztia eta Pencha Kucha aurkezpenak oso kontuan izanbeharreko gauzak dira, kultura behrri honen beharrizanak eta ikasleen helburu guztiak asetu ahal izateko.

Pecha Kucha



2013-02-20

IKTak ikasgelan ibili izan diren kasua azaldu

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako irakasleen prestakuntza unibertsitate masterra orain dela urte bi egin nuen. Orduan sekuentzia didaktiko (SD) bat prestatu behar izan nuen eta geroago praktika presentzialetan martxan jartzeko aukera ere.

Praktikaldia Botikazar BHIn egin nuen. Bilboko Deustuko barrutian dago Botikazar BHI: Ibaizabal ibaiaren ertz batean, Deustuko Unibertsitatearen ondoan. Ikastetxe publiko honetan batxilergoa eskaintzen da hiru eredutan: A, B eta H (hirueleduna). Hiru aukeren artean, D eredua da ikasle gehien dituena. Hala ere, eredu hirueledunak gero eta ikasle gehiago ditu. Batxilergoaz gain Lanbide Heziketako bi ziklo ere eskaintzen dira: Zeinuen Hizkuntzaren Interpretazioa eta Gizarte Integrazioa.

Ikastetxeko ikasgela guztietan arbela arruntak, bozgorailu orokorrak eta pantaila zuriak daude. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka badoaz ikasgela guztietan kainoi finkoak eta hauek erabiltzeko bozgorailuak instalatzen. Informatika-gelan, bestalde, ordenagailu arruntak eta arbela digitalak daude. Natur zientzietako laborategian beste 12 ordenagailu daude. Horrez gain, WIFIa dago ikastetxe osoan instalatuta.

Aipatutako SD horri "Gabriel Arestiren poesia literatur lantegian" izena eman nion. Bertan Gabriel Arestiren poesia beste era desberdin batean lantzea proposatzen nuen, IKTak eta multimedia baliabideak ikasleen ikuspegiarekin uztartuz hain zuzen ere.

Horretarako Gabriel Arestiren poema batzuk hautatu, hauek SDan zehar lantzeko, eta eginbeharrak zehaztu nituen. SDak ez zituen IKTak bakarrik lantzen, horrez gain ikasleen hausnarketa eta kritika gaitasuna eta Gabriel Arestiren testuingurua ere ikasten zen. SDa hiru saiotan banatu nuen, astean behin lantzeko asmoz eta ikasleek eginbeharrak egiteko denbora izan zezaten.

Bloga, SD honen gaiaren inguruko material, iritzi eta abarren elkargune eta erreferentzi gune bilakatu nahi izan nuen. Bertan ikasleen lanez gain, literatur gune bat eta hiztegi eta entziklopedien zerrenda guneak txertatuz. Horrela, ikasleen lana edozein zelarik, bertan aurkitu zezaketen lagungarria izan zitekeen materiala edota beste web orrialdeetarako loturak. Jarduera nagusiak, Gabriel Arestiren poesia eta testuingurua ikasteaz gain, poemei buruzko bakarkako hausnarketak, taldekako bideopoemak eta sarrera teorikoak izan ziren. Jarduera guztiak blogean argitaratzea derrigorrezkoa zen, bideopoemak barne.

Blogak IKTen erabilera sustatzeko lana betetzen zuen arren, bideopoemen sorketak gaitasun digitala multimediaren alderditik indartzen zuen. Ikasleek Windows Movie Maker programaren bitartez sortu zituzten bideopoemak, astebeteko epearekin.

Ebaluazioari dagokionez, ikasleek sortutako lan guztia ebaluatu zen. Horretarako, eta ikasleek argi eduki zezaten, ebaluazio taula sortu eta blogean zintzilikatu nuen. Ebaluazio taula honetan kontuan hartuko ziren atal eta azpiatalekin batera hauek izango zuten balioa adierazi nuen.

Egunkaria Libre!!

Hamar urte geroago oraindik ere...


2013-02-13

Ikasten...nire adimena zabaltzen!

Denbora aurrera joan arren...gutariko batzuk oraindik ikasten gabiltza! Unibertsitate ikasketak amaitu genituen, baina ez dugunez lanik aurkitzen, Berri Txarrak zioen bezala, gure adimena zabaltzen jarraitzen dugu.

Aurreko baten Glotodidaktikako ikastaroaz hitz egin nizuen, baina oraingoan Eskola 2.0 eta IKTen erabilpena DBHn deiturikoa aurkeztu nahi dizuet. Ikastaro honen bidez DBHn IKTen erabilera egokia eta emankorra ahalbidetzen dituen zenbait aldaketa metodologiko barneratuko ditugu, besteak beste noski. Ikastaro honekin zerikusia duten sarrera guztiak 2013-v1 etiketarekin multzokatuko ditut.

Idazteari ekiten diodan bitartean, goza ezazue hasieran aipatu dudan abestiaz!!


2013-01-22

Esnatzeko beharra

Kaixo,

badakit orain dela asko ez dudala blogean idazten, ezin dezaket esan lan kontuengatik dela, ez baitakuat lanik. Lan mundua oso txarto dago, eta masterra eduki arren hezkuntzan gauzak gero eta zailagoak dira.

Lau urtez euskal filologia egin ondoren eta gero Irakasle izateko masterra (lehengo CAPa) eskuratu ondoren, orain euskara irakaslea izan arren langabezian nago. Horri aurre egiteko, irribarre bat eta zenbait ikastarorekin nabil. Haietako bat: GLOTODIDAKTIKA.

AEKn klase eman ahal izateko Glotodidaktika ikastaroa ezinbestekoa omen da. Beraz, euskara irakaslea izateko asmoari gogor eutsiz hau egiten nabil. On-line egiten dudan lehen ikastaroa da, eta egia esan nahiko itxura hona dauka!

Zin dagizuet idazteari ekingo diodala berriro ere, ikastaroez edota hurbileko errelitateaz. Beraz...

EGUN ON!!