Mostrando entradas con la etiqueta Euskara. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Euskara. Mostrar todas las entradas

2017-03-06

Arazo-egoera: literatura lantzen

Gaur egun nahiko barneratuta daukagu ikasteak alde teoriakoa eta alde oraktikoa duela. Hala ere, zenbait kasutan alde teorikotik alde praktikora eman beharriko pausua ia eman gabe dago. Adibidez hizkuntzetako ikasgaietan literatura lantzen denean, honen alde teorikoa besterik ez da lantzen. Egia da ikasle guztiek literatura lan bat ekoizteko gaitasunik ez dituztela, baina literatura lantzeko beste modu batzuk badaudela esan genezake. Arazo hori oinarri izanda, eta Gabriel Aresti eta bere poesia aitzakitzat, hona hemen nire proposamena.

Ikusten den bezala, ataza honen bidez ikasleek hainbat konpetentzia landu eta barneratu ahal dituzte. Aipatu ez ditudan arren, ataza honekin zeharkako konpetentzia guztiak (ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia; ekimenerako eta espiritu ekintzailerako konpetentzia; elkarbizitzarako konpetentzia; izaten ikasteko konpetentzia; eta hitzez, hitzik gabe eta modu digitalean komunikatzeko konpetentzia) ere lantzen dira. Denak, zeharkakoak eta diziplina barnekoak, ikasleen formakuntza egokirako beharrezkoak baitira.

2013-10-18

Euskal Mitologiari buruzko Koowall-a

Murgildu gara Koowall-aren munduan.

Nire lehenengo Koowall-a 2.DBHkoekin batera egin dut. Uste baino zailagoa da ekintza...pertsonaiak ordenean joan daitezen ikasleek orden jakin batean lan egin behar dutelako.

Hala ere, itxura ederra hatzen doa eta ikasleen lana paregabea da!! Ikasleek Euskal Mitologiari buruzko informazioa batu ostean Euskal Mitologia 2.B Koowallean oihukatzen dabiltza!


H letra


Argazkiak eta marrazkiak deituriko facebook-eko orrialdetik hartua.

2013-03-08

Ebaluazio mota berrien adibideak

2007. urteko "Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Dekretu Kurrikularra"ren III. eranskinean, hau da, oinarrizko gaitasunei buruzko eranskinean; hau esaten da informazioa tratatzeko eta teknologia difitala erabiltzeko gaitasunari buruz:

"Informazioa bilatzean, lortzean, prozesatzean, komunikatzean eta informazio hori jakitate bilakatzean datza gaitasun hau. Gaitasun honek eskatutako trebetasunen artean daude, besteak beste, informazioa eskuratzekoa, hura tratatu eta informazio-euskarrietara transmititzekoa, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak informatzeko, ikasteko eta komunikatzeko erabiltzekoa." (Dekretu Kurrikularra, 2007, 20. or)

Antonio Pérez-ek bere "La competencia digital en el alumnado de la ESO: de la definición teórica a la realidad práctica" deituriko hitzaldian, gaitasun digitalak hartu edota ikutu ditzakeen hainbat alor aipatu eta sakontzen ditu. Haietako azkena Informazio eta Komunikazio Teknologien (hemendik aurrera IKT) inguruko gaitasunaren ebaluazioari buruzkoa da.

Hitzaldiaren atal honetan ICILSaren (International Computer and Information Literacy Study) zenbait zertzeladatxo aurkezten dizkigu. Ikerketa honetan oinarriturik, gaitasun digitala, adibidez, lau era desberdinetan ebaluatu daiteke:
  1. Eskolaz kanpoko kirol talde batean izena ematea.
  2. Ikasketa bidaiaren antolaketa.
  3. Gazteagoak diren ikasleei gizakion arnasketa azaltzea.
  4. Produktu jakin bat saltzea.
Aipaturiko lau modu hauek, 4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako (hemendik aurrera DBH) baliagarriak dira soilik, egoera praktikoetan oinarrituak daude, eta hauek burutzeko IKT ezberdinak erabili beharko dituzte.

Guztietatik, 3. ebaluazio erari jarriko diogu arrtea. Henetan, ikasleek, 4. DBHko ikasleek, gizakion arnasketa prozesua azaldu behar diete Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleei. Jarduera aurrera eraman ahal izateko 4. DBHko ikasleek arnasketa prozesuari buruzko informazioa bilatu, hau ulertu, moldatu eta azaltzeko orduan behar izango dituzten materialak (bideoak, argazkiak, eskemak, power pointak, pecha kuchak...) prestatu behar dituzte. Lan guztia IKTetan oinarriturik egingo dute, beraz hauek eskeintzen duten eskeintza zabalari esker gaitasun digitala martxan jarriko dute.

Euskara eta Euskal Literatura deituriko ikasgari (neure irakas materia baita) dagokionez, aurreko ebaluazio proba baliagarria izan daiteke; literatura, zein gramatika lantzeko.

Literatura arloan, adibidez, ikasgelan bertan landuko diren idazle edota testu motak azaltzeko balio du ebaluazio proba hau. Ikasle taldeak egin daitezke eta talde bakoitzari ikasturtean zehar jorratuko den gai bat banatu ahal zaie. Ikasleek aurkezpen data kontuan izanik haiek bilatu beharko lukete informazioa, aurkitutakoa ulertu eta prozesatu, eta aurkezpen egunerako materiala prestatu. Egun horretan irakaslea ikasleen artean jesarriko litzateke eta haien aurkezpena entzun eta ebaluatuko luke, erabilitako informazioaren baliagarritasuna, azalpenen kalitatea eta erabilitako material guztiak (aurkezpenekoak eta bibliografian agertzen direnak) kontuan izanik.

Egoera praktukoetan oinarritutako ebaluazio mota hauek oso baliagarriak direla uste dut, bai sakondutakoa, bai besteak ere. Hauei esker, nire ustez, ikasleen gaitasun digitala garatzeaz gain, oinarrizkoak diren ikasten ikasteko gaitasuna, hizkuntza-komunikazio gaitasuna eta norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasunak ere, besteak beste, garatzen dira edukiak lantzen diren heinean.

Beraz, Pere Marqués-ek zioen kultura berri honen jakintza berriak ebaluatzeko era bikainak dira ICILSari esker Antonio Pérez-ek aurkeztu dizkigunak.

2012-04-23

"Rayo" eta "relámpago" berdinak ote?

Badaramagu astebete eguraldiari buruzko zeinuak ikasten eta behin eta berriz egoera desberdinetan praktikatzen eta gaur goizean kontzeptu zalantza bat sortu da klasean. Gure ZHko eskolak ZHn dira, baina edozein galdera edota edozein hitz galdetzeko gaztelaniara jotzen dugu, gure irakasleek ez baitakite euskararik.

Gaur arte, niretzat, rayo eta relámpago hitzak sinonimoak izan dira. ZHn zeinu bera daukate bi kontzeptuek, baina hispaniar filologoa den ikaskide batek argitu digu berez ez direla sinonimoak. Orduan nik, nire ezjakintasunetik abiatuta, azaldu diot niretzat gauza bera zirela eta euskaraz, nik behintzat, hitz bakar batez adierazten ditudala kontzeptu biak.

Etxera heldu bezain pronto ordenagailua piztu, koadernoa zabaldu eta hiztegietan begiratzen hasi naiz ene jakinmina asetzeko erantzunaren bila. Eta hauxe aurkitu dut:

  • Rayo: tximista, oinaztura, oinaztarri, oinazkar
  • Relámpago: oinaztargi, tximistargi
  • Rayo: oinaztu, inusturi, inizitu, oinaztarri, oinaztura, tximista, ortzi, oinazkar, arraio
  • Relámpago: oinaztu, inusturi, inizitu, oinaztarri, oinaztura, tximistargi, ortzi, oinazkar
Kontuan izanik hiztegietan agertzen diren sinonimo asko ez ditudala inoiz entzun, lagun eta senideei galdetu diet ea haiek nola esaten duten euskaraz rayo eta relámpago.

Badirudi, lortutako erantzunetan oinarrituz, gehienok, ez dugula rayo eta relámpago hitzen arteko desberdintasunik egiten, hots, guretzat sinonimoak direla. Beraz, euskaraz hitz berarekin adierazten ditugula bi kontzeptuak.



Guzti hau kontuan izanik, eta galdetuak izan diren pertsona guztiak Bizkaikoak direla jakinda, posible litzateke gaztelaniaz sinonimotzat hartzearen arrazoia bizkaieraz hitz beraren erabilera izatea?

2011-12-15

Sei unibertso, 124 mundu

Azkenean irakasle bihurtu naiz. Badira bi aste ordezkapen bat egiten hasi nintzela Madre de Dios Ikastetxean. B ereduko ikasleei euskara irakasten diet, 1. DBHtik 2. batxilergora arteko sei taldetan nabil.

Egunero zerbait berria ikasten dut bai irakasle bai ikasleengandik. Egunero dago zerbait liluratzen nauena eta nire irakasle izaera sendotzen duena. Badira egun onak, baina badira ere ez hain onak direnak. Hala ere, gogotsu altxatzen naiz egunero.

Banekien pertsona bakoitza mundu desberdin bat izan zitekeela, baina orain, irakasle lanari esker, esan dezaket mundu bat baino gehiago galaxia bat izan daitezkeela ikasleak; eta taldeak, unibertso bat.

Beraz, aurrerantzean, ordezkapenak dihardun bitartean, ene sei unibertso berrietan sorturiko egoerak, kezkak eta galderak plazaratuko ditut zuon erantzunen zai.

2011-11-09

Euskara gorren oztopo?

Orain dela urtebete aurreko blogean idatzi nuen Euskaragabeei buruz. Orduan eta orain harritzen nauen gaia da hau, harritu eta kezkatu ere.

Orduko sarreran batxilergoko ikasleekin gertatzen zenaz berri eman eta hausnartu nuen. Baina gaur, ia urtebete geroago, konturatu naiz euskaragabetasun hori etorkinetatik haratago joan daitekeela.

Badakizuen bezala Zeinu Hizkuntza (ZH) ikasten nabil inolako helburu profesionalik gabe. Atzo gure ZHko irakasleak honako hipotesi eta galdera sakona bota zigun: 

Bihar gure medikuak gor edo itsu geratuko garela esango baligu, zein nahiago genuke? eta zergatik?

Gai honi bueltaka nenbilela iazko Eskola Inklusiboko artikulua gogoratu nuen: "Gortasuna duten ikasleei erantzuna eman eskola inklusiboan". Artukulu honek hezkuntza eta gorren arteko informazioa Interneten bilatzera bultzatu nau. Orduantxe aurkitu dut "Las familias de estudiantes sordos/as denuncian al gobierno vasco" deituriko artikulua.

Bertan irakurritakoak nire harridura areagotu du eta hainbat galdera (erretoriko agian) sorrarazi dizkit:

  • Gortasuna ez da elgerkeriaren sinonimoa, ezta?
  • Ikasle gorrak ZH eta gaztelaniak (azken hau idatziz) osaturiko hezkuntza batean ikasten dute, ezta?
  • Gorrek entzuleok baino oroimen bisual garatuagoa badute, zein da hitz egingo ez duten hizkuntza elebidun bat ikasteko oztopoa?

Ez dakit egia edo gezurra den hizkuntzen ikasketen eta goi-mailako ikasketetan dauden gorren kopuruaren arteko harremana. Baina badakit, bai, oraingoan ere euskara dela kaltetuena ikasle gorren aurretik.

Nire ustez, ikasle gorrak eta gorren komunitatea kaltetzen duen arrazoi nagusia gizartea bera da. Eta hizkuntzen ikaskuntza murrizteak ekar dezakeen gauza bakarra ez jakintasuna eta komunikazio oztopoak dira.

Beraz, zergatik ez gara saiatzen gizartea deituriko oztopoa leuntzen?

2011-11-08

Euskera Eguna Bakion

Datorren larunbatean, azaroaren 12an, Bakiok Euskeraren Eguna ospatuko du. Egun osoa hainbat eta hainbat ekitaldiz horniduta izango da; jaialdi honetako unerik biziena eta herrikoiena Zubiaurreko probalekuan egin ohi den herri bazkaria izango da. Bertara adin guztietako euskaltzaleak batuko dira. Programaturiko ekitaldiak:

11:30 - Umeen herri kirolak, Urkitza Ikastetexeko Guraso Alkartearen eskutik, Sabino Arana pasealekuan.

12:30 - Triki-potea Sabino Arana pasealekuan hasita

15:00 - Herri bazkaria probalekuan

16:30 - Eskolako umeek prestatutako txisteak eta bestelako sorpresak

17:00 - Euskal kantuak, Herriko kultur eta kirol alkarte guztiak Taberna Ibiltariagaz kantari.

23:30 - Akerbeltz musika taldea Bakioko Torrea Gaztetxean.


ZATOZ ITZEL PASETAN!!

2011-05-03

Batua vs. Euskalkiak irakaskuntzan: nire iritzia

Aurreko batean esan nizuen bezala Julian Maiaren Euskara Batuaren eta euskakiaren arteko harremanen bilakaera irakaskuntzaren ikuspuntutik artikulua irakurri dut. Irakurketa hau ikasgai baterako egin behar izan dudan erreseina bat egiteko izan da. Erreseina honetan nire iritzi pertsonala idatzi behar izan dut. Egia esan ez dakit bat etorriko zareten, baina hala ere hemen eskegiko dut zuen kritiketara zabalduz!

Oso artikulu interesgarria iruditu zait euskara batuaren ibilbidea erakutsi eta irakaskuntzan izan duen eragina aztertzen duelako. Nire ustez, euskalkiak mantendu egin behar dira eta eskoletako solasaldietan erabiltzeaz gain, zenbait saio idazkerari ere eskaini behar da; horrela euskalkidun ikasleek euskalkian ere egoki idazten jakingo dute. Euskalki gabeko lurraldeetan euskara batuaren erabilera egokia bermatzearekin nahiko da, behintzat horrela ikasle guztiek euskara egokian idazteko aukera izango dutelako.
Hala ere, alde batera utzi behar dugu euskara batuaren zorroztasuna eta euskalkiak hobetsi, hori baita, nire ustez, euskara ez galtzeko eta aberasteko bide bakarra; eta eskolek eragin handia izan dute lan honetan, hauen bidez arauak eta zigorrak heltzen dira ikasleengana.

2011-05-02

MALa: Euskara eta euskal literatura blog batean lantzen

Honako hau da nire Master Amaierako Lanaren (MAL) gaiaren laburpena:
"IKTek funtsezko tokia hartu dute gizarte-jardueran eta hezkuntzaren praktikan. Bestalde, IKTen erabilera sozialaren ondorioz, komunikatzeko, hizkuntza baliatzeko eta literatura egiteko modu berriak ere garatzen ari dira azken urteotan. Hortik ondorioztatzen da interesgarria izan daitekeela hizkuntzaren eta literaturaren curriculumean gaitasun digitalak integratzea, bai teknologiek ikaskuntza-prozesuari laguntzeko eskaintzen dituzten aukerak baliatzeko, eta bai ingurune digitaletan komunikatzen eta hizkuntza eraginkortasunez erabiltzen trebatzeko ere.
Ildo horretatik, lan honetan bloga ardatz hartuko duen proposamen didaktiko bat garatu nahi da, Hizkuntza eta Literatura irakasgaiko atal batzuk lantzeko (poesia soziala, lexikoa…), baina, batez ere, ikasleei testuen eta testugintzaren gaineko kontzientzia bete eta kritikoa garatzen laguntzeko. Helburu horrekin, jarduera mota asko erabil litezke. Lan honetan azken urteotan han eta hemen blogen inguruan egindako esperientziak gainbegiratuko ditugu, eta horietan oinarrituta, euskara eta euskal literatura Batxilergoko 1. Mailan eta D ereduan lantzeko hainbat jarduera eta sekuentzia proposatuko ditugu, betiere, bloga ikaskuntza-esperientziak gizarteratzeko eta gelatik kanpoko errealitatearekin lotzeko ahaleginean."
Zer deritxozue?

2011-04-04

Batua ala euskalkia?

Irakaskuntzan zein hobestu behar dugu, batua ala euskalkia?

eta zergatik?

Bata hobestean, bestea ez al da kaltetzen?

Galdera interesgarriak daude gaur nire buruan, eta erantzunen bat lortu ahal izateko Julian Maiaren Euskara Batuaren eta euskakiaren arteko harremanen bilakaera irakaskuntzaren ikuspuntutik artikuloa irakurriko dut.